Azken egunotan zoritxarrez ezagun bihurtu den 'Errebal´ kasuaren kapitulu berri bat bizi izan dugu. Uztailean jakin genuen gaur egun Eibarko alkate den Miguel de los Toyosek inputatu gisa deklaratu behar zuela kasu horren baitan, bere garaian Aralarrek jarritako demanda baten ondoren. Orduan jada, EH Bilduk ohartarazi zuen gertakaria uste baino larriagoa gerta zitekeela; izan ere, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Iñaki Arriola, Gipuzkoako PSE-EEko burua, deklaratzera dei zezakeen, gertakari guztiak izan zirenean Eibarko alkatea zena. Eta hain zuzen, aste honetan jakin dugu Arriola ere inputatua izan dela.

'Errebal kasua´-k ibilbide luzea egin du dagoeneko Eibarren eta komunikabideetan, baina baita epaitegietan ere. Gogora ekarri behar dugu, Arriola 2006. urtean Eibarko alkatea zenean, udal-lursail bat okasio horretarako sortutako sozietate bati saltzea baimendu zuela erreala baino askoz prezio baxuagoan edo txikiagoan. Enpresa esleipenduna ez zen proiektua aurrera ateratzeko gai izan, hainbat atzerapen izan ondoren. Eta PSE buru zen udal-gobernuaren jokabidea, beti esleipendun enpresari aurpegia ateratzea izan da, Eibarko udalaren interesen eta eibartar guztien interesen aurka eginez.

 

Gertakari horiek epaileari jakinarazita, epaileak auto bat eman zuen aurtengo uztailaren 18an, bertan egindako ustezko delituaren berri emanez. Zehazki, bertan esaten da kontratua bi alderdien adostasunez suntsiarazi daitekeela, soilik suntsiarazte horren arrazoia kontratistari egozten ez zaionean ‑kasu honetan hari egotzi zitzaion‑, eta, jakina, interes publikoaren aldekoa denean, kasu honetan gertatu ez zena. Beraz, prebarikazioko ustezko delitua inputatzen edo egozten zaio.

Operazioa ezin izan bazen ere osatu, erabateko hirigintzako pelotazo baten aurrean gaude. Gaizki ateratako operazioaren ondorioak Eibarko udalerriak jasan behar izan zituen, Arriola eta De los Toyosen jarduera eibartar guztien interesen aurkakoa izan baitzen.

Iñaki Arriola eta Miguel de los Toyos gure herrialdeko politikako bi pertsona garrantzitsu dira, eta haien inputazioak herritarrentzat ustelkeria alarma eta kezka handiko arrazoia den testuinguru politiko eta sozialean gertatu dira. Estatu Espainiarraren ustelkeria, sistematikoa eta orokorra da, halaxe jasotzen dute herritarrek, eta horrek herritarrak politikatik gero eta gehiago urruntzea dakar. Honelako jarduerek lan publikoa zikintzen dute, eta era batean edo bestean bertan lanean ari garenok ezin dugu onartu mota honetako kasuak zigorrik gabe geratzea eta inork erantzukizunik bere gain ez hartzea.

Gainera, Arriolaren inputazioa publiko egin da PSE alderdiak Euskal Autonomia Erkidegoan etika politikoaren bermatzaile gisa azaldu nahi izan duenean, beste batzuei "zoru etikoa" exijituz politika egin ahal izateko. Bada etika ezin da exijitu bakarrik Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoa gainditzeari buruzko gaietan. Etika politikoak ere eskatzen du, kargu publiko eta instituzioetako kargu guztiek duten betebeharra herritar guztien interesak defendatuz gobernatzeko, eta ez gutxi batzuen interes partidisten nahiz ekonomikoak defendatuz. Eta, dudarik gabe, Arriola ez zen guztion interesean pentsatzen aritu Errebalgo lursailarekin 'trapitxeatzen´ aritu zenean.

Hori dela eta, EH Bildutik ondorioztatzen dugu Iñaki Arriolak legitimitate politiko eta etiko guztia galdu duela 'Errebal kasuan´ inputatua izan ondoren. Are gehiago, Iñaki Arriola ez da gobernu on batek lekzioak inori emateko pertsonarik egokiena. Eta gogoratu behar dugu, Arriolak berak proposatu duela Foru Gobernuko berrikuntzako diputatuaren gaitzespena, aurrekontu-ituna ez duela bete esanez, eta egia ez dena, noski. Prebarikazioagatik inputatuta dagoen pertsona batek ez du inolako legitimitaterik herrialde honetan etika politikoaren bermatzaile bihurtzeko.

Gainera, ezin da ahaztu alderdi politiko baten buruaz hitz egiten ari garela. Lurraldeko hirugarren indar politikoa den Gipuzkoako PSEren burua inputatuta dago, prebarikazioagatik.

Politikan era batera edo bestera parte hartzen duten pertsona guztien ustelkeriaren aurrean, zero tolerantzia da EH Bilduren zutabe nagusietako bat, eta irmotasun handienarekin defendatuko dugu gure jardueraren esparru guztietan. Hori egiten jarraituko dugun konpromisoa hartzen dugu, beste behin.