Erakundeak 746 milioi euro inguruko aurrekontua izango du datorren urtean.

Diputatuen Kontseiluak 2014ko aurrekontuen ardatz ekonomikoak onartu ditu. Tramite horren bidez, datorren urteko aurrekontu zehatzak lantzeko erreferentzia markoa ezarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Datozen asteotan 2014ko aurrekontu proiektu zehatza landuko denez, partida zehatzak ezagutzeko goizegi da oraindik. Hala ere, gauza bat aurrera daiteke: Gipuzkoari gastuan murrizpenik gabeko aurrekontuak eskaintzeko moduan dago Aldundia, aurreko urtearekin alderatuta.

"Aldundiko gobernura iritsi ginenean, erabat ahuldutako fiskalitatea aurkitu genuen alde batetik eta oso zorpetze maila altua bestetik. Horrek guztiak, aurrekontu alorrean, erabat mugatuta utzi gintuen. 2012 eta 2013an doikuntza garrantzitsuak aplikatu behar izan genituen aurrekontuetan, beti ere gastu soziala sakrifikatu gabe", adierazi du Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik hartu zuen bere gain diru kontuak saneatzeko ardura, eta erakundeak bere aurrekontuetarako behar dituen baliabideak modu egonkor batean hobetzeari ekin zion. "Horrexegatik abiatu zuen Aldundiak zerga erreforma, emaitzak ematen hasi dena: 2013ko bilketa aurreikuspenak betetzen ari dira, eta sarrera aurreikuspenak hobeak dira 2014rako. Beraz, gastu alorrean murrizpenik gabeko aurrekontuak lantzeko aukera daukagu orain", azaldu du.

Gipuzkoako Foru Aldundia aurrekontuari eta departamentuen gastuari eusteko moduan dago, horretarako zorpetzea igo gabe. Izan ere, zuhurtasunez kudeatzen eta kontrolatzen ari da zorpetzea. 2014ko aurreikusitako zor bizia eta 2011koa maila berean daude.

Onartutako ardatz ekonomikoen arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 746 milioi euro inguruko aurrekontua izango du 2014an. Interesak eta zorraren amortizazioa kenduta, 661 milioi euroko kudeaketa aurrekontua izango du Aldundiak, 2013koaren parekoa.

Erreferentzia horrekin landuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren urteko aurrekontua. Oinarrian Aldundiak berak egindako aurreikuspenak daude, modu errealistan landu direnak. Era guztietara, urri erdialdean finkatzen dira, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak adosturik, EAEko erakunde publikoetan indarrean dauden aurrekontuen likidazio aurreikuspenak eta hurrengo urterako sarrera aurreikuspenak.