Martin Garitano diputatu nagusiak adierazpena egin du Foru Gobernuko diputatuekin batera, azken aldian jasaten ari diren eraso etengabeei erantzunez. Hauek izan dira bere hitzak:

Duela ez asko, gobernu hau bera agertu zen komunikabideon aurrean, zuen guztion aurrean, bi urteko balantzea egiteko. Zehatz-mehatz azaldu nuen bi urtez egindako lana, zertan aritu garen, nola izan garen gipuzkoarren ondoan, zergatik sakondu dugun gai batzuetan. Gipuzkoa eraldatzeko hasierako asmoaz gain, zorionez, hainbat alorretan eraldaketa gauzatzen ari ginela ere esan nuen. Eta oraindik lan asko dagoela egiteko ziurtatu nuen, Gipuzkoa berri bat eraikitzeko, Gipuzkoa sozialagoa, berdeagoa... elkartasunean oinarritutako Gipuzkoa zuzenago bat eraikitzeko lana dagoela, eta indarra, proiektuak eta kemena soberan dugula horretarako, eta ez datozen bi urtetarako soilik.

Harro nago egindako ibilbide honetaz eta hein handi batean horren guztiaren meritua aldamenean dudan gobernu taldearena da.

Gipuzkoarrak jakitun dira gurea bestelako gobernu bat dela:

  • Presio taldeekiko inolako morrontzarik ez izateaz harro dagoena.
  • Gipuzkoarren interesak banka handiaren gainetik jartzen dituena.
  • Gehiago daukanari esfortzu handiagoa eskatzen diona, beharra daukanari babes handiagoa ematen diona.
  • Gutxi batzuen intereseko azpiegitura erraldoietan dirurik xahutzen ez duena.
  • Langileen lan baldintza duinen alde hitz egiteaz gain, neurriak hartzen dituena.
  • Espainiatik datozen murrizketak saihesteko zirrikituak badaudela erakusten duena

Herrigintza egiteko beste modu bat badela erakutsi dugu... Fiskalitatea, ingurumena, mugikortasuna, gizarte politika... Statu quoaren muina ukitzen ari gara.

Bi urteko balantze hartan esandakoa hitz hutsak baino askoz gehiago direla agerian geratu da, eta agerian geratu da, batez ere, gure jarduera eta gure eraldaketa jasan ezin zuten horien guztien erreakzioan, kosta ahala kosta, statu quo defendatu nahi duten horien artean, pribilegio izugarrien iturri baita haientzat.

Begi luzeak dituzten presio taldeek ere hori ikusi dutela jabetu naiz. Eta urduri jarri dira, kezkati, amorruak jota batzuetan.

Gipuzkoako orain arteko status quoa kolokan jartzen hasi garenean, adiskidekeriaren garaia amaitu dela aldarrikatu dugunean, azken 30 urteotako norabideari stop esan diogunean plazara atera dira indar atzerakoi guztiak, batera, oldarkor, erasora, min egingo digutelakoan.

Eguneroko kontu bilakatu da komunikabideetan gu ohartarazteko, salatzeko, ikertzeko edota mehatxatzeko titularrak irakurtzea, eta guztien atzean arrazoi bera; aldaketa galarazteko beharra, aldaketaren aurkako indar batura.

Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismoko diputatua gaitzetsi nahi dute orain. Agian bere departamentuak gutxi batzuen interes handiko proiektuak bultzatu beharrean Gipuzkoan krisia pairatzen duten ehunka eta ehunka enpresa txikien proiektuak sustatu nahi dituelako, eskualdeen arteko sinergiak sortzeko diru lerroak bultzatzen dituelako, Gipuzkoa krisitik irteteko beste eredu ekonomiko baten premia azalarazten duelako. Agian, Jon Peli Uriguen lanean bikain ari delako gaitzetsi nahi dute, eta hori ezin dutenez jasan, begien bistatik kendu nahi dute; baina ez dute lortu, inondik ere ez.

Baina hori ez dute nahiko izan, eta Ander Rodriguez gure gizarte politikako diputatua auzibidean jarri dute, Aldundiaren aurrekontu ia erdia gizarte politika zuzenagoa egiteko ardura duen Ander Rodriguez hain zuzen.

Momentu honetan, adinekoen egoitza eta eguneko zentroetako %97k langileen eskubideak errespetatzen dituzten hitzarmenak sinatu dituzte, patronalek esandakoaren kontra. Beraz, Adegik, gipuzkoarron lan eskubideen kontrako gerratea galdu egin duela ikusita, Gizarte Politikako diputatuaren kontrako eraso pertsonalari ekin dio. Ez dugu atzera egingo. Adegiren aurreneko mehatxuak, epaitegietan egindako lehenengo salaketak, ez gintuen kikildu, eta bigarren honek ere ez gaitu beldurtzen, langileen lan eskubideak defendatzea ezinbestekoa dela uste dugulako. Langileen eskubideak eta erabiltzaileen ongizatearen kontura ez dute etekin ekonomikoa edota politikoa lortuko. Ozenki esaten diegu zerbitzu publikoetako erabiltzaile eta langileei, adinekoen egoitzetan dauden erabiltzaileei eta bertan lan egiten duten emakume horiei guztiei Diputazioaren babes osoa daukatela, ez ditugula alde batera utziko eta borroka honetan bidelagun gaituztela. Ez da bakarrik gure eskubidea, baita gure betebeharra ere, gure ardura baita zerbitzu publikoak defendatzea eta kalitatezko zaintzak bermatzea sare publikoan.

Ez dira konturatu gipuzkoarren, langileen interesak eta eskubideak zaintzeko konpromisoarekin gobernua osatu genuela eta guk hitza betetzen dugu.

Apal, baina atsedenik gabe. Sasi eta mehatxu guztien gainetik. Herritarren ondoan izango gara beti, guztion baliabideak ongi kudeatzen, guztiontzat, denok nahi dugun eran. Mehatxuak, irainak, salaketak alferrik dituzte.

Gurea lan egitea da. Gaurko eta biharko Gipuzkoa eraikitzea.