Jakina denez, Zubietako errauste plantaren proiektuak dituen irregulartasunak direla kausa, Eusko Jaurlaritzak jarritako ingurumen baldintzak ez dira betetzen. Horren ondorioz, errauste plantaren eraikuntza bertan behera uztea erabaki du Gipuzkoako Hondakinen Konsortzioak (GHK). Horren aurrean bere posizioa eman nahi du jakitera EH Bilduk.

Hasteko eta bat, errespetu instituzionala exijitu nahi diegu aurreko egunean bere iritzia plazaratu duten hainbat eragile eta komunikabideri. GHK ez da Bilduk "kontrolatzen duen" entidade pribatu bat, baizik eta Gipuzkoako mankomunitateek eta udaletxek hondakinen kudeaketarako aspaldi eratu zuten Partzuergoa. Legitimitate demokratikoa dauka, beraz. Herritarrek emandakoa. Hiri hondakinen azken tratamenduaren ardura du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak. Hala, hari dagokio egitea, besteak beste, transferentzia plantak, konpostatze plantak, birziklatzeko azpiegiturak, planta biomekanikoak edo/eta errauste plantak. Herritarren bozka oinarri duen instituzioa izanik, Bilduk duen gehiengoa herri borondatearen fruitua da. Inori ez litzaioke burutik pasako PNV, PSE eta PP alderdiek Batzar Nagusiak "kontrolatzen dituztela" esatea; era berean, GHKren osaketa eta legitimitatea zalantzan jartzea ez dugu onartuko.



Errauste plantaren gelditzeak arrazoi sendoak eta ardura zehatzak ditu oinarrian. Askotan esan dugu PNVk kosta ahal kosta egin nahi zuen proiektua zela, eta diseinuan zein lizitazioan salatutako irregulartasunak, osasunerako arriskuak, kontrakotasunari jaramonik ez egitea eta proiektuaren beraren kostu itzela ez dira nahikoak izan Zubietako errauste plana baztertzeko. Bestelako arrazoiak, ezkutatu ezinak, daude egungo egoeraren muinean: baimendutako proiektuaren zer-nolakoak ere ez zituzten errespetatu lehengo gestoreek. Funtsezko aldaketak eginda, hondakin solido kutsagarriak eta errauts toxikoak tratatzeko azpiegitura DESAGERTARAZI zituzten proiektutik. Gauzak horrela, baimendu ez diren baldintza hauetan, proiektua eraikitzea legea urratzea litzateke.

Konsortzioak informazio zabala eman du, beraz, ez dugu argudio tekniko eta ingurumen mailakoetan sakonduko. Gainera, errauste plantaren sustatzaileek ez dute datu bakar bat ere eman errealitate hori ukatzeko. Aurreko foru gobernuaren eta GHK-ko aurreko arduradunen kudeaketa negargarria azalarazi du errauste plantaren aferak. PNV eta bere ezkutuko interesak daude, beste behin ere, argipenak eta ikerketa eskatzen duten auzi baten atzean. Honenbestez esana dago, ardurak ezin dira hala-nola sakabanatu: auzi honetatik eratorritako kalte eta galera guztiak PNVren ardurapekoak dira, ez beste inorenak.

Ostrukarena eginez, kontrakoa adierazi nahi dute. Izan ere, erabaki horren ondorioz GHK-ko hondamendi ekonomikoa etorriko dela, kalte ordainak eta han-hemenka dauden litigioak direla eta. Ezkutatzen dute, nahita, PNVko arduradunek sinatu zituzten "swap" kredituak (finantza-produktu toxikoak) eta eraiki ezin daitekeen proiektu bat enpresekin sinatzea daudela Konsortzioak duen zorraren atzean. Argiago esanez: haiek, ez beste inork, sortutako zuloak eta arduragabekeriak ondorengoei leporatuko nahi diete. Kopeta lodia behar da!

Nolanahi ere, gure asmoa ez da batzuek horrenbeste maite duten enfrentamenduaren logika elikatzea. Aitzitik, Zubietako proiektuaren definizioaren eta garapenaren deskalabrua aintzat hartuta, kudeaketa zentzuduna eta arduratsua egiten jarraituko dugula adierazi nahi dugu. Alde batetik, gipuzkoarren interesak eta ondasunak edozeren gainetik defendatzen, enpresen eskariak entzungo ditugu. Bestetik, instituzioen iraupena eta eraginkortasunaren abiapuntutik, GHKren bideragarritasuna eta solbentzia osoa bermatuko dugula. Edozein kasuan, Zubietako proiektuaren gauzatzeko ezintasunak eszenatoki berri batean kokatzen gaituela onartu beharra dago, non hondakinen trataera integrala definitu eta azpiegiturez hornitzea denon erantzukizuna den. Hala gauzak, alderdi, eragile eta instituzioen arteko elkarrizketa eta elkar ulertzea ezinbestekoa delakoan, debatea ireki eta soluziobideak aurkitzeko dinamikak eta harremanak sustatuko ditugu hurrengo egun eta asteotan.

  • Kazetariek galdetu dute Fiskalak ofizioz abiatutako auziari buruz, eta zera izan da EH Bilduren erantzuna:
    • Harritzekoa dela Fiskalak horrelako ekimenak elkarrizketa batean iragartzea.
    • Diligentzia berdina eskatzen diogula fiskalari beste kasu batzuetan, adibidez:
      • Bidegiren 300 miloetako desfaseak.
      • Aurreko Fori gobernuak Etorlurren utzitako 20 milioietako zorra, operazio inmobiliario batean
      • PPko Bilboko egoitzaren finantziazioa
      • AHTren obretan aurkitutako irregulartasunak, 2011ko bere txostenean Kontu Tribunalak atzo bertan adierazi zuen moduan.
    • Edozein kasutan, errauskailuaren auzian ere bere ikerketa bururaino eramatea eskatzen diogu Fiskalari. GHK berak atzo esan bezala, irregulartasun handiak egon ziren prozesu osoan eta aurreko kudeatzaileak epaitegietara eramatea ikertzen ari dira. Zentzu honetan, aurreko GHKko gestoreek abokatu on bat bilatu beharko dute bere burua defenditzen hasteko.