Bildu Batzarkide taldea pozik agertzen da "Pobretutako herritarren beharrak eta eskaini beharreko baliabideak zehazteko talde txostengileak" aho batez onartutako txostenaren ondorioekin. 2012ko udazkenean hasiera eman zitzaion ponentzia honi Batzar Nagusietan, eta txirotasun zein bazterketa sozialaren aurka lan egiten duten 50 pertsona zein erakunde baino gehiagoren kezkak eta agerraldiak entzun ondoren, orain badakigu zein den Gipuzkoako pobreziak erakusten duen benetako aurpegia.

Enrique Martinez Flores Bilduko batzarkide eta talde txostengileko lantaldeko bozeramailearen hitzetan "pobreziaren inguruko ikuspegi asistentzialistarekin apurtu egiten du txoten honek. Txirotasunari aurre hartzeko oinarriak jaso ditugu, integratze sozio-laboralaren aldeko apustua eginez".

"Gipuzkoar belaunaldi berrientzako errezeta txukun bat lortu dugula uste dut, erreminta baliagarriak erabiliz; hala nola, lan banaketa, gizarte ekonomiaren garrantzia edota Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta. Azken puntu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ausardia azpimarratu nahiko nuke, alde guztietatik etorri diren murrizketek eraginda, hainbat pertsonari ukatu baitzaizkie diru sarrera hauek, baina Aldundiak, nahiz eta bere eskumenekoa ez izan, dirulaguntza hori bermatzen jarraitu baitu".