Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat Adegiko ordezkaritzarekin elkartu da gaur. Joan den astean, Madrildik ezarritako erreformak medio hitzarmen kolektiboen indarraldi epea amaitzear zela, Aldundiak kezka azaldu zuen langile klasearen egoeraren harira, eta Adegiri eskaera egin zion bertako lan hitzarmenen alde egiteko eta lan harremanetarako euskal esparrua errespeta zezan. Eskaera horren berri zuzenean emateko, Aldundiak bilera egin du gaur Adegiko ordezkariekin, eta Larraitz Ugarte bozeramaileak Aldundiaren jarrera azaldu du. “Langileen egoera asko okertu da eta Adegi Madrilgo lobbyen jarraitzaile gisa ari da, eta gehiengo sindikalaren aurka ari da.

Gipuzkoako langileriaren aurka hain gogor jarduten ari den enpresari elkartearen eskatzen diogu jarrera aldatzea, izan ere horrelako jarrera duen bitartean ezin ditugu harreman normalizatuak izan, eta harreman horiek eten egingo ditugu. Argi ikusten ari gara enpresari asko, batez ere enpresa ertain eta txikietakoak, zorionez, ez direla ari Adegik aplikatzen dituen politikak aplikatzen”, esan du Ugartek. Ildo horretan azpimarratu du enpresari asko bestelako harremanen aldeko hautua egiten ari direla, eta Aldundiak ere uste du bestelako harreman eredu horiek onak direla garapenerako, eta aitzitik, Madrilgo erreformak aplikatzeak gatazka soziala eta langileen pobretzea besterik ez duela eragiten. Horregatik, Aldundiak jarrera aldatzeko eskatu dio Adegiri.