Gaur egun ADEGIren zuzendaritza batzordean dauden kideek elkarte hau erabiltzen ari dira lan harremanetarako Euskal Herriko esparrua suntsitzeko eta PPren lan erreforma Gipuzkoan ezartzeko. Jakina da azkeneko asteetan patronal eta sindikatuen artean izandako negoziaketetan ADEGI izan dela jarrera erradikalena agertu duena eta akordioa ezinezkoa egin duena. Honen aurrean, EH Bilduk ADEGIren zuzendaritzaren jarrera salatzen du, elite baten mesedetan ari direlako Gipuzkoako jendartearen gehiengo osoaren aurrean.

Izan ere, Rajoy-ren lan erreformak langileen lan baldintzak okertuko ditu. Datu guztien arabera, soldata jaitsiera nabarmenak eta lanordu igoera handiak egongo dira, eta horrek oso ondorio txarrak izango ditu gure ekonomian. Orain arte Gipuzkoan hitzarmen kolektiboak genituen gure lan baldintzak bermatzeko, baino hemendik aurrera berme hori gabe geratuko gara. Lan baldintzen eta langileen eskubideen errespetua, beste ekimen batzuekin batera, krisiari aurre egiteko funtsezko tresnak dira. Beraz, ADEGIren jarrera onartezina da.

Gipuzkoako eragile politiko eta sozial guztiek lan harremanetarako euskal esparrua aldarrikatzen ari diren bitartean, ADEGIren zuzendaritza eta PP dira gaur egun Rajoyren erreforma defendatzen duten bakarrak. Jarrera autista honek sekulako ondorio txarrak ekarri ditzake gure herrialderako eta EH Bilduk ezin du horrelakorik onartu.

Ultra-aktibitatea amaitu eta hurrengo orduetan, ADEGIren zuzendaritzak egin duen lehenengo gauza zahar-etxeen lan-gatazkan Rajoyren erreformaren ezarpena epaitegietan exijitzea izan da. Hau da, de facto greba eskubidearen desagerpena eskatzen ari dira Gipuzkoako patronaletik. Hau lehenengo pausua besterik ez da izan eta hortik gehiago etorriko direla pentsatzekoa da.

Beste aldetik, ADEGIren zuzendaritzaren jarrera eta Gipuzkoako enpresari gehienen jarrera desberdindu behar dela uste du EH Bilduk. Gaur egun ADEGIn agintean daudenak ez dituzte enpresari guztiak ordezkatzen, hori argi dago. Gipuzkoako enpresari ertain eta txiki gehienak lan harremanetarako euskal esparruaren alde daude, eta ez dute ADEGIren jarrera erradikal hauek konpartitzen. EH Bildutik, Gipuzkoako enpresariei ADEGIren aginduak ez betetzeko deia egin nahi diegu.