Gipuzkoarrek lurraldeko erakunde publiko nagusien zuzendaritzan EH Bildu jarri zutenetik bi urte pasatu dira, eta legealdi erdian gaudenean, orokorrean esan dezakegu Gipuzkoan ezarrita zegoen eredu neoliberalen norabidea aldatzea lortu dugula, eta oinarri finkoak jarri ditugula datorren bi urte hauetan horren gainean eraikitzen jarraitzeko.

Orain dela 2 urte arte, Gipuzkoan zegoen eredua batez ere azpiegitura erraldoien eraikuntzan oinarritzen zen: errauskailua, Pasaiako kanpo kaia, errepide gehiago, Hondarribiko aireportua... Obra faraonikoak ziren orduan PNVk gobernatzen zuen Foru Diputazioaren helburu estrategiko bakarrak. Politika fiskalean, Gipuzkoa paradisu fiskala izatea helburu garbia zen. Horren ondorioa da Gipuzkoak gaur egun zorpetzen maila erraldoia, atzo bertan Kontu Auzitegiak gogoratu zuen bezala.

 

Bi urte beranduago Gipuzkoak beste norabide bat hartu du. Batzar Nagusi hauetan onartu diren 22 Foru arauak dira aldaketa horren lekuko. Gipuzkoa mugitzen ari da eta abiadura onean gainera. Adibide bat jartzearren, Markel Olanoren legealdiaren lehenengo bi urtetan bakarrik 13 norma aprobatu ziren. Datu honek egundoko garrantzia du, zenbait medioetatik kontrakoa irudikatu nahi badute ere, errealitatea delako EH Bilduren iniziatibaz Gipuzkoa martxan dago.

Diputazioak aurkeztutako eta Batzar Nagusiek onartutako arau foral hauen artean, aldaketa fiskala ahalbideratu duten arauak azpimarratzea gustatuko litzaiguke. Hauen artean, Ondarearen gaineko zergaren berreskurapena, Aberastasun handien gaineko zerga eta asteartean onartutako iruzurraren aurkako arau berria dira aipagarrienak. Arlo honetan, Gipuzkoako Batzar Nagusiak aitzindariak izan dira, hemen hasi ginelako erreforma fiskalari buruz hitz egiten eta pausuak ematen eta orain beste herrialdeak atzetik datoz.

Gipuzkoako garapen ekonomikorako ponentzia ere aho batez onartzea, legealdi honetan mugarria izan da. Bertan, Gipuzkoako ekonomiak hemendik aurrera izango dituen oinarriak finkatu dira. Enplegua sortzeko, ekonomia berdea eta zerbitzu sozialak bultzatzearen garrantzia argi geratu da, eta garapen ekonomikoa eskualdetatik sustatu behar dela adostu dugu. Garapena ahalik eta justuago izan dadin, kontratazio publikoetan langileen eskubideen defentsa bermatzeko aprobatu berri dugun araua ere azpimarratzekoa da.

Ganbera honetan akordioak alderdi guztien artean egon dira, guzti-guztien artean. Horrelakorik ez da orain arte gertatu beste herrialdetan, ezta Gasteizko legebiltzarrean ere. Aurrekontuak, adibidez, 2012an EAJrekin aurrera atera ziren eta 2013an PSErekin. Arau foralak ere adostasun maila handiarekin atera dira aurrera. Eta hau dena ez da izan oposizioak bere lana egiteari uko egin diolako. Guztiz kontrakoa: lehenengo bi urtetan gobernuaren kontrolerako 2187 ekimen aurkeztu ditu oposizioak, aurreko legealdiaren lehenengo bi urteak baino mila ekimen gehiago. Baldintza hauetan, onartutako 22 foru arauak aurrera atera izanak arrakasta itzela suposatzen du.

Aurrera begira, geratzen diren legealdiaren bi urte hauetan, garapen sozio-ekonomikoaren aldeko jarduera izango da gure lehentasuna. Gipuzkoak dituen helburu nagusiak finkatuta daude: Aberastasuna era iraunkorrean sortzea eta era justu batean banatzea. Datozen hilabete eta urteotan, EH Bilduk norabide horretan aurrera pausu sendoak ematen jarraituko du.