Datorren igandean, uztailaren 7an, indargabetuta geratuko dira Gipuzkoako lan-hitzarmenak. Eta astelehenetik aurrera, hamarkadetan zehar izandako mobilizazio eta borrokei esker lortutako eskubideak eta bermeak bertan behera erori daitezke. Rajoyren lan erreforma da Gipuzkoako langileen aurrean agertzen den etorkizun beltza. Hori horrela, EH Bilduk hitzarmen probintzialaren aldeko iniziatiba bat publiko egin nahi du, PSErekin adostu duguna.

Aurtengo aurrekontuen hitzarmenean eta garapen ekonomikorako ponentzian genion bezala, lan baldintzen eta langileen eskubideen errespetua, beste ekimen batzuekin batera, krisiari aurre egiteko funtsezko tresnak dira. Baina datu guztien arabera, herrialde mailako hitzarmenen indargabetzeak lan baldintza horien okertzea ekarriko du eta hau akats larria da, langileen eskubideen murrizketa krisitik ateratzeko kontrako norabidean doalako.

Orain dela egun batzuk, ADEGIren idazkari orokorra den Jose Miguel Ayerzak esan zuen hitzarmenen bukaera zerbait ona zela, lan kostuak jaitsiko direlako eta hori aukera bat zela enpresen lehiakortasuna hobetzeko. ADEGI goitik behera okertuta dago. Gipuzkoak, gure inguruko lurraldeekin alderatuta, lan eta bizi baldintza hobeak ditu, eta langabezi tasa txikiagoa, eta hori horrela izan da gipuzkoarrok gogor lan egin dugulako eta horren alde asko mobilizatu garelako. Orain, krisiaren aitzakiarekin, ADEGIk lan baldintzak okertzea nahi du eta horrela ez da krisitik ateratzen. Beste era batean esanda, ADEGIk defenditzen duen lan erreformarekin Estatu espainoleko beste herrialde batzuk bezala egotea defenditzen ari da.

EH Bildutik ADEGIri Rajoyren lan erreforma ez ezartzeko eta herrialde mailako hitzarmenak mantentzeko eskatzen diogu. Uztailaren 7tik aurrera hitzarmenen indarraldia mantendu behar da milaka eta milaka gipuzkoarrak Madriletik datozen erasoen aurrean babesik gabe ez geratzeko.

Langileen mobilizazioari esker, herrialde mailako hitzarmenak Gipuzkoako langileen lan eta bizi baldintza duinen bermea izan dira orain arte. Eta uztailaren 7tik aurrera ere langileen mobilizazioak patronalaren gehiegikeriei aurre egiteko tresnarik garrantzitsuena izango dira. Gipuzkoan Rajoyren lan erreforma ez dela ongietorria ozen eta garbi esan behar dugu. ADEGI oker dabil langileek bere eskubideei uko egingo dietela pentsatzen badu. EH Bildutik langileekin batera arituko da ADEGIri eta Rajoyren lan erreformari aurre egiteko garaian.

Gaur aurkezten dugun ekimena zentzu horretan doa. PSErekin adostuta dagoenez, datorren astearteko osoko bilkuran Batzar Nagusietako gehiengo batek patronalaren gehiegikerien aurrean bere hitzarmenak defenditzen ari diren langileen alde dagoela adieraziko du. Krisitik ez da ateratzen langileen eskubideak murrizten. Krisitik ateratzeko beste neurri batzuk hartu behar dira, tokiko garapena sustatuz, ikerketa eta berrikuntza bultzatuz edo gure enpresei merkatu berriak bilatuz. Edozein kasuetan, egoera ekonomiko honetan egin behar den azkeneko gauza da langileen lan baldintzak murriztea.