Pasa den asteburuan Tolosaldea Txukun plataformak Zizurkilen antolatu berri duen herri kontsultan gertatutakoaren aurrean Gipuzkoako EH Bilduk gogor salatu nahi du Zizurkilen iruzur politikoa gertatu dela.

Lehenik eta behin, nabarmendu nahi dugu Tolosaldea Txukunen asteburuko kontsultan Zizurkilen 750 pertsonek parte hartu zutela. Jende asko, baino zentsoaren heren bat bakarrik. Zizurkilgo jendartearen gehiengoak bizkarra eman zion kontsultari, udalak eskatu bezala.

Gero, denok ikusi dugu nola datuak puztu egin dira, beste 300 bozka delegatuak omen zeudelako, eta hala eta guztiz ere ez dira iritsi %45ra. Edozein kasuetan, herri kontsulta honetan parte hartu dutenak aurreko hauteskundetan EAJ, PP eta PSEko bozka eman dutenak izan dira, gutxi gora behera. Beraz, udalaren legitimitatea zalantzan jarri nahi zutenek porrot egin dute.

Herritarren borondatearen isla den neurrian herri kontsulta bati erabateko errespetua zor zaio beti. Baina asteburuan Zizurkilen gertatutakoak erakusten du EH Bilduren proiektu politikoa desgastatzeko EAJ prest dagoela horrelako iruzurrak ere egiteko. EAJrentzat herri borondatea aitzakia hutsa da, unean uneko bitartekoa bere helburuak betetzeko eta aurkari politikoen proiektuak kaltetzeko. Jeltzaleek aspaldi erakutsi dute herritarren borondatea, herri kontsulta zer den beraientzat: gauerdiko ahuntzaren eztula. Txisteratik atera dituzten boto horiek dira jendartearen zerbitzura daudenen eta jendartearen gainetik pasa nahi dutenen arteko diferentzia.

Medio jakin batzuek ezkutatzen duten arren ikusitako bi dokumentu grafikoek argi eta garbi erakusten dute botu delegatuaren inguruan iruzurra nola egin den, kontsultaren emaitzak gizentzeko fartsa nola burutzen den, demokraziaren urrezko araua, pertsona bat botu bat zein lotsagabeki apurtzen duten. Iruzur demokratikotzat jotzen dugu, gertakari oso larritzat jotzen dugu faltsukeria hau.

Baina ozen esan nahi dugu bi dokumentu grafiko horiek argi eta garbi erakusten dutela ere iruzurra nortzuk egiten duten.

Ustezko herri plataforma independente horren atzean EAJren eskua dago. Bozeramaile lanak egiten ari den Egoitz Sorozabal, Zizurkilgo zinegotzi jeltzalea da, eta Marian Lazkano, gaur egun zinegotzia da ere, eta aurreko legegintzaldia alkate. Eta Zorione Etxezarraga EAJko batzarkidea bertan dago ere. Bideoetan hirurak dira protagonista, hirurak dira iruzurgile. Ardura politikoak betetzen dituzte Zizurkilen eta Gipuzkoan. Eta ozen diogu iruzurgileek ez dutela tokirik gure herrietan ezta batzar nagusietan ere. Tranpa egiten dutenak, iruzurrak egiten dituztenak, herri borondateari errespetu minimoa ez diotenak ez dute tokirik ez politikagintzan, are gutxiago herrigintzan. Egoitz Sorozabalek, Zorione Etxezarragak eta Marian Lazkanok lotsatuta egon beharko lukete egindakoaz, lotsa apurra balute dimititu egin beharko lukete. EH Bilduk hiru pertsona hauen dimisioa eskatzen du, herri ordezkari izateko zilegitasun guztia galdu dutelako.

Zer ez dute egingo kontsulta batean eskua sartzeko prest dauden iruzurgileek? Zer egingo lukete hiru tranpati hauek gobernu ardurak balituzte? Kameren aurrean lotsagabeko herritarren borondatea bihurritzeko prest dagoenak zer ez luke egingo herritarron diruekin, herritarron proiektuekin, herritarron interesekin?

Bestetik, EAJri exijitzen diogu argi dezala herritarren borondatearekin jolasean aritu diren bi zinegotzi horiek tokirik ote duten PNVn, eta horrela ez bada zein neurri hartuko duen haien kontra.

Hurrengo asteburuan deituta dauden herri kontsultak direla eta, Irura, Anoeta eta Ordiziako herritarrek pasa den asteburuan Zizurkilen gertatukoa kontuan hartuko dutela espero dugu. Berriro ere EAJk deitutako herri kontsulta iruzurti horiei bizkarra emango dietela espero dugu.

Bukatzeko, esan behar dugu Zizurkilen erabili den herri kontsultaren eredua ez dela gure eredua, inondik inora, iruzurrari bidea irekitzen diolako. Gu herritarren parte hartzearen alde gaude eta bultzatu egiten dugu, baina ez hondakinen kontuan bakarrik, beste gai batzuetan ere bai.