ADEGIk Gipuzkoa enpresentzako etsaia dela esan zuen atzo, eta horren aurrean, Gipuzkoako EH Bildutik zera esan nahi diegu:

Atzo Gipuzkoako patronalak esan zuen Gipuzkoa arerioa dela enpresentzat. Adierazpen hauek oso larriak dira, eta horrelako adierazpenekin gure herrialdearen errealitatetik oso urrun kokatu da, beste behin, ADEGI. Gipuzkoako enpresen izenean hitz egiteko zilegitasuna galdu du ADEGIk, ez du ordezkatzen enpresa gehienen iritzia eta elite ekonomiko baten mesedetan ari da, soil soilik.

ADEGiren adierazpenek alarmismoa sortu besterik ez du nahi eta ez dute benetako egoera islatzen. Gipuzkoaren benetako egoera, erakundeen lana eta gizartearen ahalegina ezkutatu nahi ditu ADEGIk.

Gipuzkoa da langabezi gutxien duen herrialdea eta gure ekonomiak krisiari hobeto erantzun dio. Horrek, beste gauza batzuen artean, egiten du Gipuzkoa desberdin, bizitzeko leku hobe bat eta horrela da gizarteak hala erabaki duelako. ADEGIren eredu neoliberalarekin gaur egun gure langabezi tasa askoz altuago izango litzateke, batez ere gazteen artean. ADEGIk defenditzen duen eredua egungo egoera sortu duena da.

Adierazpen horien atzean dagoena da Espainiako erreforma laborala Gipuzkoan ezartzeko ADEGIk duen ezintasuna. Zahar-etxeen edota CAFeko greban ikusi dugun moduan, ADEGIri inporta zaion bakarra da langileen eskubideak murrizteko askatasuna izatea. Baino gipuzkoarrekin egin du topo ADEGIk eta horregatik dago hain haserre. ADEGIk gizartea isilik eta etsiturik nahi du, baina Gipuzkoako erakundeak eta gizartea bera ez da Rajoyren lan erreforma, murrizketa eta ustelkeriaren aurrean isilik eta etsiturik geratuko.

Lehen esan dugun moduan, Gipuzkoan baldintza laboralak gure inguruan baino apur bat hobeak direla, eta hori lortzeko gizartea eta erakunden lana ezinbestekoa izan da. Oso borroka handiak egin behar izan ditugu gipuzkoarrok gure eskubideak defendatzeko. ADEGIk, aldiz, gipuzkoarrak bere etxean nahi ditu, Madriletik datozen murrizketei eta austeritatearen politikei men eginez. Baina ADEGIk jai du, eta atzo ikusi genuen moduan, aldaketa abian dago Gipuzkoan eta ADEGIk egin behar duena da egoera berrietara egokitzea.

Gipuzkoarren artean etsaiak bilatu baino, ADEGIk ere bere ekarpena egin behar dio aldaketari, Gipuzkoako jendartea eta erakunde gehienak egiten ari diren moduan. Eredu zaharrak porrot egin du, krisia sistemikoa da eta ez dugu atzera itzuliko. Etorkizuneko Gipuzkoako eredu ekonomiko berria ez da azpiegitura handietan eta opor fiskaletan oinarrituko. Eredu berri hori tokian tokiko errealitatetik sortu behar da, eskualde bakoitzeko ezaugarriei lotuta eta ingurugiroaren errespetuan oinarrituta. Hori da EH Bildu defenditzen ari den eredu berria.