Beste behin ere, PNV eta PSE bikoteak Kutxabankek herri honen aurrean duen erantzukizunari muzin egin eta herritarren interesak defendatuko dituen finantza-sistema eta banku ereduari buruzko eztabaida baztertu du. Gaur Donostian ospatu den Kutxako Administrazio Kontseiluan, Kutxabanken Kutxaren izen eta ordezkaritzan parte hartuko dutenak zertara eta zertarako joango diren eztabaidatu beharrean, PNV eta PSEk, Pixkanaka, CCOO eta DYAren laguntzarekin, EH Bilduk eginiko proposamena baztertu eta zuzenean eserleku banaketari ekin dio. EH Bilduk argi du eserleku banaketaren aitzakian, benetako eztabaida ekidin nahi duela Xabier Iturbek, eztabaida horrek argi utziko bailuke PNV eta PP buru dituen Kutxabankek herri honetako erakunde, enpresa eta familiei bizkar emanez diharduela.

EH Bilduk uste du izendatuak izango diren pertsonek defendituko dutena eta egingo duten jarduna Batzar Nagusiak erabaki behar duela. Hau da, Kutxako ordezkariak Kutxabankera zertara eta zertarako doazen erabakitzea ezinbesteko ikusten dugu. Batzar Nagusia da Gipuzkoako aniztasunaren adierazle nagusia, eta garrantzia horretako erabakiak erakundeko organo goren eta anitzenak hartu behar dituela deritzogu.

 

Ildo horretan, guztiz arbuiagarria iruditzen zaigu bereziki PNVko Xabier Iturbek eta PSOEko Martin Herrerak euren erantzukizunari aurre egin beharrean, gaur egun jendartean hain hedatua dagoen zalantzaren aurrean Kutxabanken inguruko eztabaida oro saihestu nahi izatea. EH Bilduk egun bizi dugun krisi ekonomikoari aurre egiteko finantza-sistemaren eta banku ereduaren inguruko eztabaida sakona egitea ezinbesteko dugunaren jakitun, bide hori urratzen jarraituko du.