Bihar egingo den Kutxako Administrazio Kontseilurako eskari eta proposamen zehatzak eramango ditu EH Bilduk. Besteak beste, Kutxabankeko Administrazio Kontseiluan Kutxak izango dituen ordezkarien izenak Batzar Nagusiak erabaki behar dituela eskatuko du, baina batez ere, EH Bilduk uste du izendatuak izango diren pertsonek defendituko dutena eta egingo duten jarduna Batzar Nagusiak erabaki behar duela. Hau da, Kutxako ordezkariak Kutxabankera zertara eta zertarako doazen erabakitzea ezinbesteko ikusten dugu. Batzar Nagusia da Gipuzkoako aniztasunaren adierazle nagusia, eta garrantzia horretako erabakiak erakundeko organo goren eta anitzenak hartu behar dituela deritzogu. Horixe trasladatu diogu Pixkanaka sindikatuari gaur goizean izan dugun bileran, bilerak eskatu dizkiguten gainontzeko eragileekin egin dugun bezala.

EH Bildutik oso kezkatuta gaude gipuzkoar guztien aurrezkiekin gauzatu den kutxa publikoak aspaldian hartua daukan norabidearekin, herritarren interesak lehenetsi beharrean kutxa pribatizatzeko bidean utzi nahi duelako EAJ-PP bikoak, PSE-EEren babesarekin.

Zentzu horretan, bihar egingo den Administrazio Kontseilurako hainbat proposamen eta eskari zehatz aurkeztu ditugu idatziz, nahiz eta oraindik ez dugun horren inguruko erantzunik jaso. Hala, aurreko egunetan aurreratu genuen bezala, Onkologikoaren egoeraz hitz egiteko batzar monografikoa eskatu dugu. EH Bildutik uste dugu Onkologikoa pribatizatzeko urratsak ematen ari direla etengabe eta horregatik, eskatzen dugu batzar monografiko horretan Onkologikoa Osakidetzan modu integral eta funtzionalean integratzeko eman beharreko urratsak gauzatzeko konpromisoa hartu behar duela Kutxak; hain zuzen, Legebiltzarrak duela aste batzuk adostutakoa betearaziz.

Baina, horrez gain, beste informazio eskari eta proposamen zehatz ere eskatu ditu EH Bilduk Administrazio Kontseiluak bihar egingo duen bileraren harira. Hala, joan den apirilaren 29tik hipoteketarako IRPH indizea erabiltzeari uzteko erabakia hartua du Kutxak, euriborra + 1 erabiltzen hasteko, nahiz eta oraindik erabaki hori gauzatu ez duen.Zentzu horretan, bere garaian hartutako erabakia gauzatzeko gestioak nola dauden galdetu dugu eta neurri hori indarrean ipintzeko erabakia har dezala eskatu diogu Administrazio Kontseiluari.

Kutxako langileen egoerari buruzko zenbait datu ere eskatu dizkio idatziz EH Bilduk Kutxako zuzendaritzari; halaber, proposatu dugu Administrazio Kontseiluak erabakitzea langileen mugimendua eman behar da, eremu geografiko hurbilenaren alde egitea, beti ere lanpostuei egokitutako funtzioak beteaz eta bezeroei eskaini beharreko hizkuntza zerbitzuak bermatuz.

Kutxabankera jauzia eman eta gero, historikoki Kutxaren enpresa partizipatuetan azken hilabeteetan egin diren izendapenez ere galdetu dio EH Bilduk Kutxaren Zuzendaritzari, eta ordezkari horiek azken hiru urteetan izan duten ordainsariez ere bai. Beste gai guztietan bezala, ez dugu erantzunik jaso oraindik.