Azken asteotan behin baino gehiagotan azaldu dugu EH Bildutik Onkologikoa pribatizatzeko Kutxak daukan asmoa, eta gure azken informazioen arabera, gure kezka berresten duten urratsak egiten jarraitzen du gipuzkoar guztiona izan beharko lukeen kutxak. Beste behin, Kutxako Zuzendaritzak logika ekonomikoa gipuzkoar guztion interes sozialaren aurretik jartzeko asmoa dauka, Onkologikoa hustera iritsi arte. Eta hori, gainera, ezkutuan eta Kutxaren erabakigune nagusiei informazioa eman gabe egiten ari da.

Onkologikoa da, inolako zalantzarik gabe, Kutxaren gizartekintzako proiektu nagusia, hau da, gipuzkoar guztien baliabide ekonomikoeekin sortutako eta mantendutako osasun zentro erreferentziala da minbizi gaietan. Eta hala izaten jarraitu behar du, bere izaera publikoa eta doakoa bermatuz. Horregatik aurkeztu genuen Legebiltzarrean Onkologikoa Osakidetzan integratzeko proposamena. Proposamen hura aurrera atera zen, baina zuzendaritzak Kutxako Administrazio Kontseiluko kideoi ez digu jakinarazi arlo horretan izaten ari diren harremanen nondiko norakoak zertan diren.

Arestian aipatu bezala, azken egunotan Onkologikoaren asmo pribatizatzaileekin zerikusia duten informazio oso kezkagarri batzuk ezagutu ditugu. Osakidetzatik Onkologikora bideratzen den paziente kopuruak nabarmen egin du behera. Baina jakin dugu Gipuzkoako hainbat paziente Bizkaira ari direla bideratuak izaten, Gipuzkoan itxaron zerrendak daudelako. Eta ezin ahaztu daiteke gaixotasun onkologikoek gora egiten dutela, inoiz baino beharrezkoagoa bilakatuz gaixoak artatzeko baliabideak hobetu eta aktibatzea.

 

Orain arte, pazienteek Onkologikoa aukeratu ahal zuten prebentzio kontsultak jasotzeko, Onkologikoaren arlo indartsuenetako bat izan dena. Baina aukera hori mugatu eta Onkologikoari Kutxak jakinarazia zion artatutako gaixoen kopurua mugatu beharra zuela. Hain zuzen, horixe zen Onkologikoaren arlo indartsuenetako bat. Horrek ondorio zuzenak ditu: Osakidetzan zitologia bat egiteko hilabeteak itxaron behar dira; itxaron gabe Onkologikoan egiteko 100 eurotik gora ordaindu behar da. Ondesteko ukimena egiteko, itxaron zerrenda dago Osakidetzan; Onkologikoan hurrengo egunean egin nahi izanez gero, 100 eurotik gora ordaindu behar da.

Gainera, Kutxa planteatzen ari da ikerkuntza eta garapen unitatea irekitzea, baina etekin ekonomikoak buruan izanda. Horrek ez du inolako zentzurik, ikerkuntza pazienteek jaso beharreko tratamenduak hobetzeko izan behar delako eta, gainera, diru-sarrerak beharrean inbertsioak eta gastuak eragiten dituelako. Diru-sarreren atalean sartzen badu Kutxako Zuzendaritzak ikerkuntza eta garapena, bestelako asmoekin ariko ote da? Gure ustean, farmazia arloko multinazionalen interesak dira horren atzean ezkutatzen ari direnak.

Onkologikoaren eraikineko hainbat espazio alokairuan jartzea proposatzen ari da. Zerbitzu medikuen segimendua, lortutako etekin ekonomikoen baitan baloratzea proposatzen ari da ere. Hemen ere, herritarren eta pazienteen interesak lehenetsi beharrean, interes ekonomikoak lehenesten ari da Kutxako Zuzendaritza Onkologikoarekin.

Egoera hau izanda eta gure kezkak kontuan izanda, EH Bilduk Kutxako Administrazio Kontseilua urjentziaz biltzeko eskaria egingo dugu, Onkologikoaren etorkizunaz modu monografikoan hitz egiteko eta beharrezkoa dugun informazio guztia kontrastatzeko. Bilera horretan, beste behin, Onkologikoa Osakidetzan modu operatiboan eta bere osotasunean integratzeko eskaera egingo dugu, Legebiltzarrean lotu zen akordioari erantzuteko.

Izan ere, EH Bildutik uste dugu Onkologikoa herritar guztiei irekitako eta zuzendutako minbizi zentroa izaten jarraitu behar duela eta bere kudeaketan ezin dela inolaz ere logika ekonomikoa logika sozialaren aurretik jarri. Herritarren osasun interesak dira beti lehenetsi beharrekoak, eta ez interes ekonomikoak. Hori ziurtatzeko modurik eraginkorrena, Onkologikoa organikoki, operatiboki eta ekonomikoki sistema publikoan integratzea da.