Prentsaurreko honetan, azkeneko asteetan Gipuzkoan hiri hondakinen eztabaidan egon diren gertaerak eta aurrerapenak baloratu nahi ditugu.

Legealdi erdira inguratzen ari garen honetan baieztatu behar dugu birziklapenaren arloan egundoko aurrera pausuak ematen ari garela Gipuzkoan. Orain dela bi urte pentsaezina zena orain egia bihurtzen ari da. Polemika antzuen gainetik, gaur egun Gipuzkoan birziklapenaren alde dagoen adostasuna oso handia da.



Lehenengo unetik, EH Bilduren konpromisoa izan da Gipuzkoan hondakinekin dugun arazoari konponbide integrala ematea, gure ekonomia, gure ekologia eta gure osasuna kontuan hartuko duen soluzio bat, hain zuzen ere. Horrela, herriz herri Zero Zabor norabidean aurrera pausuak emateko proposamenak mahai gainean jarri ditugu. Gure abiapuntua da bakoitzak sortzen dituen hondakinak gaika sailkatzea ezinbestean norbanakoari dagokiola, eta hondakin horiek biltzeko sistema bat ezartzea herri bakoitzari dagokiola.

Horretatik abiatuta, EH Bilduk Bilduk oso garbi dugu %70 edo %80eko helburuetara iristea dela inportanteena, ez helburu horietara iristeko bidea. Atezateko sistema proposatu dugu hainbatetan tasa horiek lortzeko sistemarik eraginkorrena delako, Europako leku askotan frogatu duten moduan, baina herri bakoitzak bere bidea aurkitu behar du herritarrekin batera garatutako prozesuen bidez.

Gipuzkoan ere badaude esperientzia batzuk atezatekoarekin %80eko birziklapen tasetara iristen dela frogatzen dutenak, eta azkeneko asteetan atezatekoa ezarri den herrietan emaitza horiek lortzen ari direla baieztatu ahal izan dugu berriro ere. Berriro diogu, hasieratik esan dugun bezala, atezatekoa ez da helburu bat, helburu batzuk lortzeko bitarteko bat baizik.

Zentzu honetan, azkenaldian ikusten ari gara nola Gipuzkoako udal batzuetan %70eko eta %80eko birziklatze tasetara iristeko proposamen berriak egiten ari diren. EH Bilduk, esan bezala, helburuetara begira dago, eta helburu horietara iristeko eragile sozial eta politikoen arteko ibilbide orriak adostea eta akordioak lortzea da biderik onena. Polemika antzuak alde batera utzi eta herriz herri akordio horietara iristea da Gipuzkoako hondakinekin dugun arazoa konpontzeko dagoen biderik onena.

Bestea aldetik azkeneko egunetan, PNVk proposatu du Gipuzkoa osoan "5. edukiontzia txiparekin" ezartzea. Gure iritziz, batetik, arazoa ez da zein den edukiontzien formatua, baizik eta %70 eta % 80ra iristeko konpromisoa hartzea. Hortik aurrera, epeak, formatuak eta ezartzeko prozesu guztia eztabaidagarria izan daiteke. Hala ere, ez dugu uste formula bakarra herrialde osorako proposatzea egokia denik, egokiagoak dira herri bakoitzeko errealitatetik abiatzen diren formulak.

Zero Zabor helburu, herri bakoitzak bere bidea jorratu behar du. Legealdi hasieran Gipuzkoan lau herrietan zegoen atezatekoa jarrita, bakoitza bere ñabardura propioekin. Orain beste herri batzuk hasi dira bakoitza bere neurrira egokitutako atezateko sistema ezartzen: Legorreta, Astigarraga, Lezon eta ezartzen ari den leku guztietan atezateko desberdin bat jartzen ari da. Eta azkenaldian beste bilketa sistema batzuk proposatzen ari dira, Legazpin, Zumaian edo Elgetan, esaterako. Kasu guztietan EH Bilduk jarrera berdina mantenduko du: helburuetan dago gakoa, ez bidea, eta %70 edo % 80ra iristeko gai diren sistemak bultzatuko eta sustatuko ditugu. Hori da gure apustua, bilketa selektiboaren tasarik altuenean oinarritutako soluzio bat, herritarrekin batera, herriz herri eraiki beharreko soluzio bat.