Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lurraldeko Abokatuen Elkargoak, etxe kaleratzeak pairatzen dituzten pertsonen eskubideak defendatzea bermatzen duen doako aholkularitza juridikoa eskaintze aldera, lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur. (Prentsaurrekoa ikusteko, sartu hemen)

Gipuzkoako diputatu nagusi Martin Garitano, Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguez eta Abokatuen Elkargoko dekano Lurdes Maiztegik akordioa aurkeztu dute, non "laguntza juridiko integraleko zerbitzua eskainiko da Gipuzkoako Lurralde Historikoan bizi diren pertsonen eskubideak babesteko; pertsona horiek bere etxebizitza bakarra galtzeko arriskuan egon behar dute; gizarte bazterketaren mugan, diru erreklamazioen ondorioz, horien sorburuan hipoteka bidez bermatutako mailegua egon ala ez egon; eta fede oneko zordunak izan behar dute".

Foru erakundeak defentsa hau finantzatuko du Abokatuen Elkargora bideratutako 60.000 euroko diru laguntzaren bitartez. Laguntza hau behar duten pertsonen identifikazioa eta hasierako harrera udal zerbitzu sozialen bitartez burutuko da, eta eurekin elkarlanean jarraituko da, baita Lurraldeko entitate sozialekin ere, ekarpenak dokumentuan jasotzeko.

 

"Agerikoa da sistema neoliberal honen diktadurapean heldu garela egoera honetara. Behar besteko diru sarrerarik ez dutelako pertsonak etxetik kaleratzen dituztela-eta sortzen ari den drama soziala jasanezina ari da bilakatzen gizarte kontzientzian eta elkarbizitza demokratikoan", azpimarratu du Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek. Zentzu honetan, "dagoeneko suizidioak, depresio larriak eta egoera honek zuzenean eragiten dien milaka pertsonaren eta senideren gaixotasunak ditugu, indarkeria ekonomikoaren biktimak, Gobernu, lege eta banketxeek irabaziak pertsonen gainetik jarri izanaren ondorio" direla baieztatu du. Testuinguru honetan, "etxe desjabetzen aurrean ekintza konfrontatzailea instituzioetara ekarri nahi dugu", adierazi du.

Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko dekanoaren, Lurdes Maizteguiren hitzetan "hitzarmenari esker, lege aholkularitzako zerbitzu berritzaile eta esperimental bat zabaldu dugu. Zerbitzu horren onuradunak izango dira baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisikoak: gizarte bazterketaren mugan egotea diru erreklamazioen ondorioz, horien sorburua izan edo ez izan hipoteka bidez bermatutako mailegua; beren etxebizitza bakarra galtzeko arriskuan egotea; eta fede oneko zordunak izatea.Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren lankidetzak Abokatutzaren oinarrizko zutabeetako honi erantzuten dio: herritarren eskubideak zaindu eta babestea gizarte arloan eta, zehazkiago, Justiziaren esparruan."

Martin Garitano diputatu nagusiak etxe kaleratzeen aurrean behin betiko konponbidea ez bada ere, hitzarmen honek arazo honen esparru garrantzitsua jorratzen duela nabarmendu du: giza eskubideen defentsa. Zentzu honetan, "ikuspegi aitzindari" batez ari garela azpimarratu du, beste erakundeek aurrera eramandako ekintzekin zerikusirik ez daukana: "Eskubide bat urratzen ari denean erantzuna ezin da gerorako utzi, errekurtso publikoak asistentziala baino ez den arretara bideratuz, ahalik eta gutxiago banketxeek nahi dutena kobratu ostean. Beharrezkoa da jatorrira jotzea, eta ez ondorioetara, arazoa gertatu ez dadin".

Horregatik, "Gipuzkoako Foru Aldunditik herritargoa finantza sistemaren abusuengatik defendatuko dugu, horretarako beharrezkoak diren errekurtso publikoak bideratuta. Izan ere, justizia soziala Gobernu honen ardatza da, eta benetako beharra dutenen ondoan egongo gara, ez krisi honen erantzule diren banketxe eta botere ekonomikoen ondoan", esan du Garitanok.

*Gipuzkoaberria.net webgunetik hartutako albistea.