Aste honetan jakin dugu errausketa planta eraikitzeko kontratazio prozesuan irregulartasunak egon zirela, eta beste aldetik, Carlos Ormazabalek (aurreko GHK zuzendaria, EAJkoa) ez zeukala sinatu zituen kontratu milioinarioak sinatzeko La Caixa-ren oniritzirik, ez zekiela zer sinatzen ari zen.

Alde batetik, ingeniaritza lanak egiteko kontratatutako enpresak aurkeztu aurretik lehiaketaren baldintzak ezagutzen zituela begi-bistakoa da. Txosten juridikoa oso argia da, eta adibideak ematen ditu: pliegoak enpresa horrentzako espresuki eginda zeuden. Gainera, 2,5 milioikoa zen GHKren hasierako eskaintza, baino azkenean lehiaketa enpresa horrek 6,9 milioiengatik bereganatu zuen, ia 3 aldiz gehiago, enpresa berak hala eskatu zuelako. Eta hori gutxi balitz, inongo aurrekonturik gabeko 400.000€tako funts bat gehitu zioten kontratuari azkeneko unean.

Eta beste enpresa bat ere kontratatu zuten aholkularitza lanak egiteko, eta kasu honetan ere prozesua irregulartasunez beteta dago, eta proposamen garestiena egin zuenak irabazi zuen lehiaketa, nahiz eta oinarrizko dokumentazioa erakutsi ez.

Carlos Ormazabalek errauskailua egiteko kredituak eta swpak sinatu zituen jakin gabe zer sinatzen ari zen, berak onartu egin zuen moduan. Nahiz eta La Caixak honen berri espresuki eman, azkenean 120.000.000 €tako kreditu bat sinatu zuen.

Honen aurrean Ainhioa Intxaurrandietak (EH Bilduren izenean) adierazpen hauek egin ditu:

"Errausketa planta oso negozio borobila da enpresa eta bankari zehatz batzuentzat, baino oso negozio txarra Gipuzkoarako eta gipuzkoarrentzako. Gure herrialdean egin nahi izan den negoziorik okerrena da, lehenengo momentutik gainera."

Gipuzkoan hondakinen gairi buruz dugun gatazkari buruz, Intxaurrandietak adierazi du: "askotan galdetzen digutela kanpokoek ea zergatik daukagun liskar politiko hain handia Gipuzkoan eta erantzuna horixe da: EAJk Zubietan errausketa planta bat kosta hala kosta egin nahi duelako". Arazoa ez dela bilketa sistema, "EAJri kezkatzen zaiona da atez-ate %80eko emaitzak lortzen dituen sistema bat dela, eta birziklapen tasa horrekin errauskailuaren eraikuntza bideraezina bihurtzen dela". Horiek horrela, "enpresa eta banku zehatz batzuen artean hainbeste diru publikoa banatu behar zuen proiektu honek zentzua galduko" lukeela esan du Intxaurrandietak, eta horregatik "EAJk plataformak eta horrelakoak antolatzen ari da. Hori da arrazoia."

Bukatzeko, intxaurrandietak adierazi du azkeneko hamarkadetan gure herrialdean indarrean egon den eredu ekonomikoa "porlanean oinarritua" egon dela, "ez zegoen beste proiekturik: errepideak, superportuak, errausketa planta... Eta azkenean ezagutzen ari gara ze nolako interes ekonomikoak egon diren eraikuntza faraoniko guzti hauen atzean". "Diru publikoa esku pribatuetara pasatzeko makinaria oso bat aurkitu genuen Gipuzkoako erakunde nagusietara iritsi ginenean, baino orain, zorionez, eredu hori iragana dela esan dezakegu."