Gaur jakin dugunez, auziperatuak zeuden Donostiako zortzi gazte espetxeratuak izango dira Espainiako Auzitegi Gorenak publiko egin duen auzi baten ondorioz. Lehenik eta behin, une latz hauetan gure elkartasuna adierazi nahi diegu zortzi gazte hauei eta bere senideei.

Esan beharra dago eta salatu behar dugu, gazte hauek jarduera politikoa egiteagatik jasoko dutela zigorra, ez dago beste argurdiorik. Gainera, kasu gehienetan, euren kontra dagoen froga bakarra atxilotuak izan ziren unean jaso zituzten tratu txarren ondorioz egindako autoinkulpazioena da.

Bake iraunkor bat sortzeko Euskal Herritik ematen ari diren urrats nabarmenak kontutan izanda, horrelako sententziak erabat lekuz kanpo daude. Bake prozesuari berari oztopoak jartzea besterik ez da. Justiziaren zeregin garrantzitsuena egoera berriari egokitzean datza bake iraunkorra errazteko eta ez bidean oztopoak ezartzea.

Hau esanik, Estatuko gobernuari eskatzen diogu gerrarako diseinaturiko estrategia alde batera uzteko. Estatu espainolak eta frantsesak makinaria juridiko errepresibo guztia indargabetu behar dute eta horretarako, lehenik eta behin, Donostiako auziperatuen askatasuna bermatu behar dute eta ondoren intentzionalitate politikoa duten epaiketa guztiak bertan behera utzi behar dituzte.

Mobilizatzeko deia egiten dugu, eta bereziki gaur 19:00etan Bulervardean egingo den kontzentrazioan.