Atez ate sistema bilketa ezarrita duen Tiana (Barcelona) udaleko bi zinegotzien hitzaldiak bertan behera gelditzeko PSEk egindako presioak gogorki salatzen ditu EH Bilduk.

Ostiralean eta larunbatean, PSCko bi kideak Euskal Herrira etortzekoak ziren bakoitzak bina hitzaldi ematera. Zehazki, Lezo, Zarautz, Eskoriatza eta Villabonako udalek hiri hondakinen gaiari buruzko antolatutako hitzaldiak ziren. Gaur jakin izan dugunaren arabera, PSEk PSCri egindako presio batzuk direla medio, zinegotziek bere bidaia bertan behera utzi behar izan dute, bere borondatearen kontra.

Jakina da PSOEk beste lekuetan onartzen duena ez duela Gipuzkoan onartzen. Kataluniaz gain, Mallorcan, Madrilen, Galizan... atez ateko birziklatzeko sistemen aldeko jarrera dute, eta errauskailuan oinarritutako kudeaketa sistemaren aurka azaldu dira. Gipuzkoan, aldiz, hiri hondakinen gaian, PSE interes ekonomiko eta alderdikoiak lehenesten ari da, eta horren ondorioa da asteburu honetarako aurreikusita zeunden hitzaldiak bertan behera uzteko eman duen agindua. Gaia erabat politizatu nahi du PSEk eta, horregatik, demokraziaren oinarria den informazioa libreki eskuratzeko eskubideari traba egiten dio.

EH Bildu koalizioaren jarrera oso bestelakoa da. Hiri hondakinen gaiak eztabaida sosegatua eta arrazionala behar du, hondakinek ez dutelako kolore politikorik. Kataluniakoa da adibiderik hoberena, kolore guztietako gobernuek ezarri dutelako atez ateko sistema, normaltasun osoz. PSEk bere kideei egindako presio hauek kontrako norabidean doaz: hiri hondakinen arazoa ez konpontzeaz gain, nahi dutena da gehiago korapilatzea.

Gipuzkoarrek gehiago birziklatu nahi dute, eta horren alde proposatzen ari diren sistema berriak lehenengo eskutik ezagutzen dituztenean eta bere ekarpenak emateko aukera dutela baieztatzen dutenean, gezurrak eta manipulazioak berez erotzen dira. Herriz herri, Gipuzkoa osoan fenomeno sozial hau ikusten ari gara.

PSEk ez du nahi Gipuzkoako jendarteak alde guztietako argudioak entzutea, beldur dio eztabaida aske eta zentzudun bat izateari, eta horregatik debekua ezartzen die PSCko kideei. Zergatik? Beraien jarrera immobilista mantentzeko argudiorik gabe geratu direlako. Azkenean, %70a edota %80a birziklatzea, gaur egun, herri aurreratuenen errealitatea da eta horren aurrean eztabaida libre eta demokratikoa ematea komeni ez zaionez, PSE garai bateko zentsurarekin zerikusi gehiago duen jarrera hartu du.

Hau guztia kontuan hartuta, EH Bilduk, berriro ere, Gipuzkoako alderdi guztiei, baino kasu honetan PSEri arduraz joka dezala eskatzen dio, utz dezala apustu alderdikoi hori eta bat egin dezala "birziklapenaren gizartea" eraikitzeko proiektuarekin. Gipuzkoako jendarteak eta ondorengo belaunaldiek eskertu egingo diote.