Hiri hondakinen gaiak eztabaida sosegatua eta arrazionala behar du, hondakinek ez dutelako kolore politikorik. Catalunyan, adibidez, kolore guztietako gobernuek ezarri dute atez ateko sistema, eta ez da ezer gertatu.

EAJk Gipuzkoan gatazka politiko eta sozial bat sortu nahi du hiri hondakinen gaia baliatuz, baino ez du lortuko. Ez da lortzen ari. Herriz herri birziklapen sistema aldatzeko milaka eta milaka pertsona parte hartzen ari dira eta, azkenean, eztabaida sano eta eraikitzaileari esker, herri bakoitza bere ezaugarriei egokitutako sistema pertsonalizatua diseinatzen ari da.

Gipuzkoarrok gehiago birziklatu nahi dute, eta horren alde proposatzen ari diren sistema berriak lehenengo eskutik ezagutzen dituztenean eta bere ekarpenak emateko aukera dutela baieztatzen dutenean, gezurrak eta manipulazioak berez erotzen dira. Adibidez, Legorretan jendartearen %90a baino gehiagok jaso ditu jada bere kuboak eta auzotarren artean iritzi bat oso zabalduta dago: sistema berriari aukera bat eman behar zaio.

EAJren jarrera ez da harritzekoa. Izan ere, agerian utzi du, hondakinen alorrean, helburu bakarra duela: Gipuzkoan errauskailua egitea. Eta bide horretan, gipuzkoarren interesak albo batera utzi eta errauste plantaren proiektuan dauden enpresen eta bankuen alde egiten ari da. Ez dio Europari begiratu nahi, ez die "birziklapenaren gizartea" eraikitzeko Gipuzkoan ematen ari diren pausoei begiratu nahi; nahiago ditu hobetsi enpresen eta bankuen interesak. Finean, "errausketaren gizartearen" aldeko apustua egiten ari da.

Lakuatik EAJk dio ez dagoela dirurik azpiegitura erraldoiak egiteko, pertsonak direla gure inbertsiorik handiena. Zergatik ez du Gipuzkoan formula berdina aplikatzen? Etxean egindako hondakinen bereizketa ariketa txiki bat eginez, gipuzkoarrok sekulako etekina ateratzeko aukera dugu: errauskailuak suposatzen dituen 500 miloi aurreztu, osasunari egiten dion kaltea ekidin eta, gainera, hondakinak berriro ziklo ekonomikoan sartuko ditugu, horrek dakarren diru irabaziekin guztiontzat.

EH Bilduk dei garbia egin nahi dio EAJri: arduraz joka dezala, utz dezala apustu alderdikoi hori eta bat egin dezala "birziklapenaren gizartea" eraikitzeko proiektuarekin. Gipuzkoako jendarteak eta ondorengo belaunaldiek eskertu egingo diote.