Gaur goizean, Bildu eta Aralar taldeen ekimenez, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Gizarte Politikako batzordean etxegabetze arriskuan aurki daitezkeen herritarrei asistentzia juridikoa eta psikologikoa bideratzeko proposamena onartu da.

Onartu den ebazpen proposamenean Gipuzkoako Foru Aldundiari, Abokatuen Kolegioarekin koordinazioan, etxebizitzaren etxegabetzeetan edo zorrengatik krisi ekonomikoaren edo langabeziaren ondorioz gehitutako bazterketa soziala pairatu dezaketeen herritarren defentsa juridikoa jasotzeko zerbitzu baten osaketa aztertzea eskatzen zaio.

 

 

Horrekin batera, eta ildo beretik, Gipuzkoako Psikologoen Kolegioarekin batera, herritar horiei laguntza psikologikoa emateko bitartekoak bideratu ditzatela eskatzen da.

Amaitzeko, eta hirugarren puntu bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiari, herrialdearen udaletxeekin elkarlanean, zerbitzu hauek herritarren eskura jartzeko protokoloa bideratzea eskatzen zaio.