Gaurkoan, azkeneko asteetan Gipuzkoan azpiegitura handien kudeaketaren harira sortu den eztabaidan bere irakurketa politikoa egin du EH Bilduk.

Krisi sistemiko honen erdian gaudenean, gero eta argiago dago egoera honetara ez garela kasualitatez iritsi eta krisi hau ez dela berez sortu. Krisiaren atzean urte askotan kudeaketa lanetan egon direnen erabaki politiko eta ekonomiko zehatzak daude. Pasa den hamarkadan adreiluarengatik eta eraikuntzagatik batzuek egin zuten apustu estrategikoak oso baldintza txarretan utzi ditu, orokorrean, estatu osoko diru-kutxak, baita Gipuzkoakoa ere.

Baino krisi hau ez da bakarrik erabaki politiko oker batzuen ondorioa. Krisi honen hastapenean badaude ere interes ekonomiko zehatz batzuk. Eraikuntzaren sektorean mugitzen zen diru publikoren kantitate erraldoiak direla eta, pertsona eta lobby zehatz batzuk diru asko irabazi dute urte guzti hauetan. Eta nola ez, ustelkeri asko sortu da eraikuntzaren inguruan, eta Barcenas auzia eta Nafarroako Kutxaren desageerpena dira, batez ere, azkenaldian herritarren artean kezka handiena sortu duten kasuak.

Eta Gipuzkoan ere diru publikoaren erabileraren kontuarekin, gutxienez irregularrak izan diren jarduera batzuk ateratzen hasi dira. Errauskailuren swap-ak ahaztu gabe, Bidegi da, seguraski, diru publikoaren erabilera ilun aldetik zer esan handiena eta egunkari orrialde gehien betetzen ari dena. Bilboko Kontu epaitegiak honen inguruan oso txosten argigarria egin zuen orain justu urtebete eta, gaur egun, auzia Madrilekoan dago. Zehazki, AP-1 autopistaren obretan izandako desfaseak eta bere likidazioa aztertzen ari dira. Eta gogoratu behar da azken maniobra hau, Garitanok diputatuaren kargua hartu baino 6 egun lehenago egindakoa dela.

Orain, Bidegiren kudeaketa berriro auzitan dago 2007-2011 gastuen kaxaren harira. Jakin gabe zer dagoen kaxa horretan -hori Diputazioak argitu beharko du- oso argigarria izan da EAJ hainbeste haserretzea era pribatu batetik kaxa horri buruz galdetu diotenean. Jarrera hori zerbait ezkutatzen ari direnek izaten dute.

Honez gero, Bidegiren kudeaketa gutxienez irregularra izan dela ez dago zalantzetan. Azalduko dugu zehatz-mehatz baieztapen hau:

Alde batetik, EAJk 900 milioietako zorra utzi du Bidegin. Gipuzkoa bezalako herrialde txiki batentzat 900 milioietako zorra onartezina da. Zorpetze hau oso kudeaketa politiko txarraren ondorioa da. Hor ez dago zalantzarik. Gobernu batek ezin du bere burua hainbeste zorpetu.

Bigarrenik, Bidegiren obretan egin diren desfaseak Europa osoan inon iritsi ez diren kopuruetara iritsi dira, %65a eta gehiago. EAEko Kontu auzitegiak salatu duenez, desfase hauek justifikatu gabe daude.

Hirugarrenik, obra baten likidazioa EAJren azken gobernua funtzioetan zegoenean egin zuten, Garitanok gobernua hartu baino 6 egun lehenago., alegia. Hau, kudeaketa txarra baino, hurrengo gobernuaren jarduera politikoa fede txarrez baldintzatzen saiatzeko maniobra politikoa izan zen.

Laugarrenik, 2007-2011 gastuen fakturak almazen batean agertu izana dago. Azken polemika hau anekdota hutsa izan daiteke, batez ere oraintxe zenbatu ditugun milioi guztien aurrean diru kopuru "txikia" delako. Baino horrek ez dio batere larritasuna kentzen kaxa horrekin gertatzen ari den guztiari.

Amaitzeko, atzo jakin genuenez, Bidegik lau kontratu Blindatu zituen, hiru zuzendarirena eta administrari batena. Orotara, milioi bat euro baino gehiagotaz ari gara. Kargu horiek harreman zuzena edo zeharkakoa dute EAJrekin.

EH Bilduk, kasu bakoitzean dagokionari eskatzen dio argi dezala Bidegiren kudeaketaren atzetik dauden irregulartasun guztiak, eta bukaeraraino irits daitezela.

EH Bilduri dagokiona da salatzea politikoki EAJk Bidegin egin duen kudeaketa okerra, ezin txarragoa izan delako. EAJk Bidegirekin egin duena Gipuzkoarako oso kaltegarria izan da, argi eta garbi. EAJk bere ardura politikoa onartu behar du, orain aipatu dugun arlo bakoitzean. EAJk ezin dio beste inori errua bota. Bidegi 2003tik sortu zenetik 2011ko ekainaren 23 arte, EAJrena izan da Bidegiren kudeaketaren ardura politikoa. Oker dabiltza Egibar eta Olano gure jarduna eta gobernu moduak "pertsona suntsiketarekin" lotzeko ahaleginetan jarraitzen baldin badute. Pertsonak, gipuzkoarrak kasu honetan, daude gure gogoetaren muinean, halako gehiegikeriak ematen diren bitartean, 50.000 langile lanik gabe daudelako, horietako erdia langabezia prestaziorik gabe jadanik, eta diru-odolusketa horrek zuzen kolpatzen ditu, bai beren ongizatea, bai guztien beharrak asetzeko aukera. Pertsonak daude, beraz, gure kritiken gogoan.

Zorionez, Gipuzkoak beste norabide bat hartu zuen 2011ko hauteskundetan eta Bidegik ere beste hainbeste egin zuen. Orain jada Gipuzkoaren ekonomia ez dago porlanean oinarrituta eta gipuzkoarrak dira diru publikoaren kudeaketaren helburu bakarra. Dirua hobeto jasotzeaz gain, gaur egun gipuzkoarrak dira gure inguruan babes sozial gehien dutenak, dirua ez delako xahutzen obra faraonikoetan, eta gure kudeaketa argia bezain gardena da. Herritarrekin eta herritarrentzat.