Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain dauden Donostiako 15 gazteak espetxeratzeko arrisku larrian daude, Auzitegi Nazionalaren zigorrak berresten badira. Esan beharra dago eta salatu behar dugu, euren kontra dagoen froga bakarra atxilotuak izan ziren unean jaso zituzten tratu txarren ondorioz egindako auto-inkulpazioena dela.

Une honetan bizi dugun egoeran, bake iraunkor bat sortzeko ematen ari diren urrats nabarmenak kontutan izanda, horrelako sententziak erabat lekuz kanpo daude. Bake prozesuari berari oztopoak jartzea besterik ez da. Justiziaren zeregin garrantzitsuena egoera berriari egokitzean datza bake iraunkorra errazteko eta ez bidean oztopoak ezartzea.

Euskal Herriko eta Gipuzkoako jendartearen gehiengo zabalak, berriz, eszenatoki berri honekin konprometitua dagoela adierazten ari da behin eta berriz. Horregatik, gipuzkoarrok ez gaude prest horrelako epai politikoen aurrean pesimismoarekin edota etsipenarekin erantzuteko, eta epaiketa politiko gehiagorik ez dugula onartzen argi eta garbi adierazi behar dugu.

Hau esanik, Estatuko gobernuari eskatzen diogu gerra estrategia alde batera utzi eta egin dezala esfortzu bat bake iraunkor baten alde. Beraz, EH Bilduk estatuari eskatzen dio auziperatuen askatasuna eta intentzionalitate politikoa duten epaiketa guztiak bertan behera geratzeko.

EH bildutik gure elkartasuna eskaini nahi diegu egoera latz hau sufritzen ari diren gazteei eta adierazi nahi genuke, eurak eta gainontzeko guztiak kaleratu arte lanean egongo garela etengabe. Zentzu honetan, Gipuzkoako jendarteari dei egiten diogu datorren martxoak 9, larunbata, 17:30tan Donostiako Bulebarretik 15 gazte auziperatuei babesa emateko deitu den manifestazioan parte hartzeko.