Euskal Herrian indarrean dauden lege arau desberdinek jasotzen dute pertsona orok etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea duela. Ildo horretatik, erakunde publikoek ere ez dute inolako eragozpenik hitzez aintzat hartzeko pertsona orok etxebizitza duina izateko duen eskubidea.

Aitzitik, errealitatea bestelakoa da. Indarrean jarri diren neurriek eta etxebizitza lege jakina ez izateak aldarrikapen hutsalean utzi dute etxebizitza duina izateko eskubidearen aldarrikapena. Egoera horri politika ekonomiko finantziariotatik ezarritako beste oztopo batzuk gaineratu behar zaizkio, hala nola, merkatu ekonomikoaren desregularizazioa.

Horrela, etxebizitza izatea lehen mailako behar eta eskubide bat den arren, agerikoa da gaur egun etxebizitza luxuzko ondare izatera pasatu dela. Testuinguru honetan etxegabetzeen arazoa larriagotu egin da bizi dugun krisi ekonomiko larriaren bidetik.

Egoera honen aurrean EH Bilduk Kutxako lehendakaria den Xabier Iturbe jaunaren agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan gai honekin lotura duten hainbat esparrutik Kutxabankek eraman duen duen eta etorkizunean garatu behar duen interbentzio ildoak eta politika ezagutzeko eta horren inguruan hainbat datu aurkez ditzan.

Beste gauza batzuen artean zenbat izan diren desjabetuak, zenbat izan diren auzitara sartuak, zenbat dauden desjabetze bidean sartuak, zenbat diren enkante bidean dauden etxebizitza kopuruak, desjabetuak izan diren etxebizitzei dagokien IBIa ordaindua izan al den... galdetuko diogu Iturbe jaunari, gizarteak eskubide osoa baitu Kutxa eta Kutxabankeko jardueraz informazio zehatza izateko.