Diru laguntza udalek kudeatuko dute, eta euskaltegietako matrikulen kostua murriztuko zaie batez ere lanik ez dutenei. Zigor Etxeburua Euskarako zuzendariak dei egin dio Jaurlaritzari ahalegina egiteko euskalduntzea doakoa izan dadin.

Euskara ikasteko 394.543 euroko diru-laguntza emango du Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako Zuzendaritzak 2013an. Hala eskatzen duten udalen bidez bideratuko dira laguntzak. Euskarazko formazioa osatu nahi duten langabetuek lehentasuna izango dute.

Modu honetan, Euskarako Zuzendaritzak aurtengo laguntza kopururik handiena euskara ikastera bideratu du. Egoera ekonomiko zaila dela kontuan hartuta, langabetuei euskara alorrean trebatzeko aukera hobeak eskaini nahi dizkie Aldundiak.

Hortaz, euskalduntze ikastaroen matrikulazio kostua eta barnetegi moduluetako kostuak murriztu egingo zaizkie euskara ikasleri. Hala eskatzen duten udalek jasoko dituzte laguntzak eta haiek kudeatuko dituzte. Langabezia egoeran dauden herritarrek lehentasuna izango dute. Modu honetan, lan bila ari diren herritarrei lagundu nahi die Aldundiak, formazioa osatu eta euskara gaitasuna hobe dezaten.

Diru-laguntzen berri gaur eman du Zigor Etxeburua Euskarako foru zuzendariak prentsaurrekoan. "Aldundiak herritarrei euskara ikastea lagundu nahi die eta horretarako erraztasunak eskaini nahi ditu". Dagoeneko, udal batzuek badituzte beka sistemak herritarren artean euskalduntzeko. Aldundiak martxan jarritako deialdiak laguntza eskaini nahi die udal horiei. Era berean, "horrelako programak ez dituzten toki erakundeei ere laguntza eman nahi diegu, abian jar ditzaten", adierazi du.

Euskarako zuzendariak gogoratu du Euskara ofiziala dela eta herritar guztiek dutela euskalduntzeko eskubidea. Horregatik euskalduntzeak doakoa izan behar duela nabarmendu du. "Helduen euskalduntzean laguntzeko eta eragiteko borondatea du Aldundiak, eta horretarako erraztasunak eman nahi ditugu", adierazi du Etxeburuak, "nahiz eta jakin hori ez dela Aldundiaren egitekoa, beste erakunde batzuena baizik".

Gipuzkoak egindako ahalegina kontuan har dezan eskatu dio Euskarako zuzendariak Eusko Jaurlaritzari. Aurrekontuak zehazten ari dela kontuan hartuta, Jaurlaritzari dei egin dio bere egitekoa bete dezan, eta ahalegina egin dezan euskalduntzea doakoa izan dadin.