Martin Garitano diputatu nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren izenean publiko egin duen adierazpena:

Gaurko prentsaurreko honen helburua azken garaiotan Gipuzkoako Institutu Onkologikoaren inguruan zabaldu diren berrien inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren iritzia plazaratzea da. Dakizuenez, Aldundia eta Donostiako Udala Kutxaren entitate fundatzaile dira, eta fundatzaile izate horrek ematen digun legitimitatetik egin nahi dugu gure irakurketa.



Onkologikoaren etorkizuna bera eta, batez ere, hark gizarte ekintzarekiko duen lotura eta funtzioa zalantzan jarri dituzte hainbat albistek. Batetik, Onkologikoan izandako hainbat gertaeren ondorioz, esaterako, zuzendaritza aldaketa, “osasun turismoaren” aldeko apustua, Gizarte Ekintzak egin beharreko ekarpenaren gutxitzea eta abar,  EHBilduk pribatizazio arriskua salatu zuen. Bestetik, Onkologikoko 59 medikuk idatzia sinatu dute, “Onkologikoaren jarduera nagusia medikuntza publikoak izan behar” duela defendatuz eta Onkologikoko bitarteko eta baliabide guztiak behar bezala aprobetxatu daitezela eskatuz.

Honi guztiari gehitu behar diogu beste errealitate gordin bat: Kutxabankek %60 murriztuko du Gizarte Ekintza. Horrek hainbat ekimenetan eragin larria izango du, eta beldur gara Onkologikoan ere eragina izango duela.

Kutxak, BBKk eta Vital Kutxak bategite prozesua hasi zutenetik, Aldundiak eta Donostiako Udalak behin baino gehiagotan adierazi dugu kezka, izan ere, sektore batzuek Kutxabanken bankarizazioaren aldeko joera erakutsi dute behin baino gehiagotan eta Kutxak sorrerako gizarte funtzioa gal dezan bidea ezarri du. Orain jarrera horrek Gizarte Ekintza kaltetu du nabarmen %60ko murrizketarekin, eta are larriagoa dena, Onkologikoaren pribatizazioari bidea ireki diola dirudi.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak argi dugu Onkologikoak Gizarte Ekintzarekin lotuta jarraitu behar duela eta ezin dela bestelako eragile pribatuen esku utzi. Horregatik, gaur egungo egoera zein den argitzeko, Onkologikoaren etorkizunerako zein asmo duten jakiteko, eta Aldundiaren eta Udalaren pribatizazioaren aurkako jarrera irmoa adierazteko, gaur bertan bilera eskaera egin diogu Xabier Iturbe Kutxako presidenteari. Bilera horren helburua, beraz, Onkologikoa pribatizatzeko egon daitezkeen tentazio guztiei atea ixteko eskatzea da.

Bileraren ostean, informazio argi lortuko bagenu, bi erakundeok konpromisoa hartzen dugu herritarrei bertan jasotakoaren berri emateko. Beraz, gaiari segimendu zorrotza egingo diogu, eta hurbiletik jarraituko ditugu albiste guztiak.