Doktrinaren aurka Estrasburgoko ebazpenaren aurrean alderdi guztien kokapen argia derrigorrezkoa da

Espainiako gobernuak euskal presoen aurkako estrategia barruan kokatu duen "Parot doktrina"-ren inguruko eztabaida Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkurara eramango dute Bildu eta Aralar batzartaldeek.

2006ean, Espainiako Auzitegi Gorenak, kode penal zaharrean epaituriko presoei zegozkien erredentzioak, kode hark ezartzen zuen bete beharreko gehienezko 30 urteei baino, ezarritako kondena osoari aplikatzeko doktrina ebatzi zuen.
Honekin, berriro ere, ematen diren aldaketak beti euskal presoen aurkako neurriak gogortzera bideraturik daudela konfirmatzen zen, preso diren pertsonei dagozkien eskubideak salbuespenez murriztuz.

Kode penal berriak ezarritako neurriak ez direnez erretroaktiboak, hau da, ezin direnez aplikatu aurretiaz epaituriko pertsonen aurka, Auzitegi Gorenak 197/2006 doktrina erabili zuen ateratzear zeuden euskal presoei kondena luzatzeko.

Ordutik hona, 83 euskal preso politikori ezarri zaie doktrina. Horietako 12, garaian ezarritako kondenaz gain doktrinaren kondena luzapena bete ostean atera dira kalera. Gaur egun, 67 dira doktrina hau aplikaturik kartzelan aurkitzen diren presoak. Horietatik 54 kondenaren luzapena ari dira betetzen, eta beste 13-ri doktrina aplikatu zaie ezarri zitzaien kondena bete aurretik. Beste 4 lagun kalean daude, baina doktrina ezarria dute.

Doktrina honen bidez, euskal presoen aurka bizi arteko zigorra aplikatzen da. Ondorioak aski krudelak dira, 95 izanik 20 urte baino gehiagoko espetxealdiak igaro dituzten pertsonak. Gaur egun 29 presok 25 urte baino gehiago eman dute espetxean. Neurri honek, oinarrizko giza eskubide denak urratzen ditu. 20 urtetik gora espetxean emateak itzulezinak diren ondorio fisiko eta psikologikoak dakartzala frogatua dago.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpena

Bildu eta Aralaren proposamena Ines del Rio presoaren kasuan Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak kaleratutako ebazpenean oinarritzen da. Horretan 197/2006 doktrina ez legezkoa eta oinarrizko eskubideen aurkakoa dela ebatzi zuen 2012ko uztailean. Ebazpena, aho batekoa izan zen.

Tribunal honen ebazpenak, doktrinak, askatasunerako eta segurtasunerako oinarrizko eskubideak urratzen dituela dio, eta ez dela legezkoa aurrez ezarritako zigorra luzatzea. Horrek doktrina bera, bertan behera uzteko bidea zabaltzen du; formalki Espainiar gobernuaren esku dagoen erabakia da hori.

Edonola ere, Ines del Ríoren inguruko ebazpena loteslea da, Europako Giza Eskubideen Konbentzioaren 46. artikuluak, estatuak gortearen ebazpenak onartzera behartzen baititu.

Espainiako Estatuak helegitea tarteratu du. Helegite hau, Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalean berrikusiko da datorren martxoaren 20. Tarte horretan Ines del Rio kartzelan mantentzera ere, espainiar estatuak egiten duen beste lege-hauste bat gehiago da.

Estatu batek Estrasburgoko Tribunalaren ebazpen bat ez onartzea eskandalu politiko eta juridiko izugarria da. Espainiar estatuak gai honen aurrean duen jarrerak agerian uzten du euskal presoen aurka salbuespeneko legedia eta bitartekoak aplikatzen direla. Presoek eta beraien senitartekoek dituzten eskubideak urratuaz eta nazioarteko Giza Eskubideen Arauen gainetik pasaz.