Argitu gabeko guztiak argitzeko konpromisoa hartu du koalizioak eta bitartean hondakinen arazoari irtenbiderik egokiena martxan jartzeko lanean jarraituko du

EAJk eta PSEk Gipuzkoako errausketa plantaren aldeko jarrerarekin "errausketaren gizartearen" aldeko apustu nabarmena egiten ari direla salatu du EH Bilduk. EAJ eta PSE garatzen ari diren estrategia, bere interes alderdikoiak babesteko da. Joko honetan galtzaile ateratzen dena, Gipuzkoako gizartea dela azpimarratu du EH Bilduk.

Atzokoan, Denis Itxasok eta PSEk bere interes partidistak eta ekonomikoak defenditu zituzten Bilduk Txingudiko mankomunitatea baztertzen duela esatean: Hondakinen Partzuergotik kanpo dago epaitegi batek hala erabaki zuelako.

EAJk ere alderdikeriaz jokatu zuen, aurreko legegintzaldiaren amaieran korrika eta presaka errausketaren ordainketa egiteko "swap" bat kontratatu zuenean. Alegia, egungo foru gobernuaren finantzak baldintzatu nahian zehaztu gabe zegoen proiektu baten ordainketa konprometituz, banku zehatz batzuen mesedetan. Galtzaileak, gipuzkoarrak berriro ere.

EAJk errauskailuaren auzian duen jarreraren inguruan azalpenak zor dizkie gipuzkoarrei, izan ere Carlos Ormazabalek, garai hartan Ingurumen Diputatua, ez zion swap horren berri eman Hondakinen partzuergoari, erabateko gardentasun faltaz jokatuz. Gipuzkoarrek jakin behar dute zergatik eman zizkien 5,7 miloi euro bankuei, noiz eta hauteskundeak baino egun batzuk lehenago.

EH Bilduk argitu gabe geratu eta ilunpean egin diren guztiak argitzeko konpromisoa hartu du, baina bitartean hondakinen arazoari irtenbiderik egokiena martxan jartzeko lanean jarraituko du. Helburua hondakin sorrera murriztea eta birziklapena igotzea da, herri bakoitzarentzat egokiena den ereduaren arabera: Gipuzkoako zenbait herrik % 80ko birziklapen tasak lortuz; auzo konpostajea zabalduz; Orendain bezalako zero zabor herriak bultzatuz; garbigune sarea zabalduz; eskoletan zero zabor tailerrak eginez; eta nola ez, errauskailurik eta zabortegirik ez duen kudeaketa sistema bat ezarriz.

Errausketa planta egiteko arrazoirik ez dagoela uste du EH Bilduk: gizarteak ez du nahi; Europatik markatzen den birziklatzea helburuan aurrera bagoaz, errauste plantak ez du errentagarria izateko behar duen zaborra Gipuzkoan. Eta osasun publikoaren aldetik begiratua ere erabat kaltegarria delako, horrelako plantek minbizia sortzeko arriskua baitute orain dela egun batzuk Carlos III.eko Institutuko ikerketa batek beste behin demostratu duen moduan.

Eta gogora ekarri nahi dugu, Europar Parlamentuak 2020 urtea baino lehenagorako hondakinak erraustea eta zabortegietan pilatzea debekatu nahi duela, beraz EH Bilduk bere erantzukizun sozial, politiko eta instituzionaletik dagokigun lanketari.

Donostia, 2012-02-07