Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH BIlduko kideek beren babesa eman diete gaur, Auzitegi Nazionalean epaituak eta kondenatuak izan diren Donostia eta Oarsoaldeako gazteei.  Hona hemen agerraldian esandakoa:

Dakizuenez gaurko Osoko Bilkuran, berriki Gipuzkoan Gazte independentisten kontra eman diren sententzien inguruan hitz egingo dugu.

 

 

Komunikabideetan ikusi ahal izan dugunez auziperatuak zeuden hainbat gazte espetxeratuak izan dira azken aste hauetan eta beste gazte asko espetxeratuak izateko arrisku larrian daude sententziak berresten badira. Esan beharra dago eta salatu behar dugu, euren kontra dagoen froga bakarra atxilotuak izan ziren unean jaso zituzten tratu txarren ondorioz egindako autoinkulpazioena dela.

Gaia Batzar Nagusietara ekartzearen arrazoia nabarmena da, izan ere, une honetan bizi dugun egoeran, bake iraunkor bat sortzeko ematen ari diren urrats nabarmenak kontutan izanda, horrelako sententziak erabat lekuz kanpo daude. Bake prozesuari berari oztopoak jartzea besterik ez da. Justiziaren zeregin garrantzitsuena egoera berriari egokitzean datza bake iraunkorra errazteko eta ez bidean oztopoak ezartzea.

Hau esanik, Estatuko gobernuari eskatzen diogu gerra estrategia alde batera utzi eta egin dezala esfortzu bat bake iraunkor baten alde. Beraz estatuari luzatzen diogun eskaera, ebazpen proposamenean agertzen den bezala, auziperatuen askatasuna eta intentzionalitate politikoa duten epaiketa guztiak bertan behera geratzea da.

EH bildutik gure elkartasuna eskaini nahi diegu egoera latz hau sufritzen ari diren gazteei eta adierazi nahi genuke, eurak eta gainantzeko guztiak kaleratu arte lanean egongo garela etengabe.