Attachments:
Download this file (mintegia_2013_01_30.pdf)Udalekin proiektua [ ] 929 kB

Administrazio kontratuetako hizkuntza baldintzen prozedurak adostu dituzte. Obra kontratuei, herri-lanen emakidei, zerbitzu kontratuei, zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuei eta hornidura kontratuei eragingo die.

Administrazio kontratuetan hizkuntza irizpideak modu bateratuan aplikatuko dituzte Gipuzkoako 39 erakundek (36 udal, Gipuzkoako Foru Aldundia, UEMA eta Urola-Kostako Mankomunitatea). Udal-ekin egitasmoaren bidez kontratazioetarako hizkuntza irizpideak adostea lortu dute erakunde horiek guztiek, eta modu bateratuan aplikatuko dituzte.

Hizkuntza irizpideek obra kontratuei, herri-lanen emakidei, zerbitzu kontratuei, zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuei eta hornidura kontratuei eragingo die. Administrazioarekin eta herritarrekin izan beharreko erabilera arautzeaz gain, hizkuntza paisaia eta gaitasuna ere neurtu dira. Beraz, Gipuzkoako 36 udalen eta Aldundiaren kontratazio publikoetan, enpresek hizkuntza irizpideak bete beharko dituzte aurrerantzean.

Udalen kontratazio politikan tresna garrantzitsua izango dira irizpideak. Izan ere, orain arte, hizkuntza irizpideak bere erara erabili izan ditu udal bakoitzak. Orain, modu bateratuan adostutako protokoloen bidez, erakundeen lana eraginkorragoa izango da. Indarrean dagoen legediari jarraituz adostu dira hizkuntza-baldintzen prozedura, klausulak eta jarraipenerako estandarizazioa.

Zigor Etxeburua Euskarako foru zuzendariak eskerrak eman dizkie prozedura egitea ahalbidetu duten udalei. "Hutsune bat betetzera dator prozedura berri hau. Aurrerantzean, toki administrazioek beste tresna bat izango dute erabiltzeko moduan, hizkuntzaren normalizazioan. Prozesua eredugarria izan da: antzeko ezaugarri soziolinguistikoak dituzten udal teknikariek eta zinegotziek lankidetzan jardun dute; kolore politiko ezberdineko udalek lankidetzan jardun dute. Benetan lan txukuna egin dute", adierazi du Etxeburuak.

Tresna berri hori eraginkorra izango da. "Tresneria hori osatu dugu erakundeetan kontratazio hizkuntza irizpideak indarrean egon daitezen eta bururaino eraman daitezen", uste du Etxeburuak. Azken batean, prozedura bat osatu ahal izan da, eta indarrean zegoen legedia garatu egin da. Izan ere, euskara ofiziala da 30 urtetan, baina orain arte erakundeek ez dute izaera hori praktikara eraman. "Aldundian, esaterako, aplikazio maila apala izan du", Etxeburuaren esanetan.

Esperientzia honetatik abiatuta, beste udal batzuk ere egitasmoarekin bat egingo dutela uste du Euskarako foru zuzendariak. Dei egin die gainerako erakundeei oro har eta Jaurlaritzari bereziki indarrak biltzeko eta gisa honetako pausoak eman ditzaten euskararen ofizialtasuna praktikara eraman dadin. "Katalunian gertatu zen bezala, hemen ere instituziook ezinbesteko eragile bihurtzen gara euskara normalizatzeko. Kontratazioen alorrean, erakundeok hiru funtzio betetzen ditugu: arautu, sustatu eta lagundu. Katalunian aspaldi ekin zioten bide horri eta, beste faktore batzuen artean, horrek lagundu du katalana normalizatzen", esan du.

Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko

Gari Berasaluze Zarauzko zinegotziak lanaren nondik norakoak azaldu ditu. Aldundiaren, UEMAren eta zortzi udalerriren lankidetzari esker sortu da proiektua (Aretxabaleta, Azpeitia, Bergara, Eskoriatza, Oiartzun, Lezo, Tolosa, Zarautz). Administrazio publikoek kontratazio bidez egiten dituzten lanetan, eta eskaintzen dituzten zerbitzuetan ere, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko asmoz abiatu zen proiektua. Udal askotan kanpo kontratazioetako hizkuntza baldintzen aplikazioa estandarizatu gabe egon da. Hori dela eta, udaletako hizkuntza baldintzak kanpo-kontratazioetan txertatzeko modua estandarizatu da: prozedura administratiboa aurrera eramateko, hizkuntza klausulak txertatzeko eta jarraipena egiteko ereduak landu eta udal guztien eskura jarri dira.

Hizkuntza baldintzak kontratu mota guztietan ezarriko dira, beraz. Honako hau arautuko dute:

zerbitzu hizkuntza zein izango den
zerbitzu kontratuetan enpresako langileei eskatuko zaien hizkuntza gaitasuna
hizkuntza paisaia zein hizkuntzatan izango den (errotuloak, oharrak, seinaleak, megafonia, esku-orriak, softwarea...)
herritarrei harrera nola egingo zaien
administrazioarekin harremana zein hizkuntzatan izango den

"Elebitasuna bermatuko duten baldintzak proposatzeaz gain, beste bide bat ere urratu nahi da, hau da, euskarazko bidea. Hauxe da bigarren ekarpena, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa", azaldu du Berasaluzek. Prestazioaren berezko ezaugarriek kontratua euskaraz gauzatzea eskatzen badute horrela egiteko baldintzak eskatuko dira.

UEMAren printzipioekin bat

Irizpideok udalentzat ez ezik enpresentzako ere tresna baliagarria direla nabarmendu du. "Beste aukera bat irekitzen zaie orain enpresei. Merkatu berria dute. Kalitateari garrantzia ematen dioten enpresek aukera dute orain euren zerbitzua hobetzeko, batez ere irizpideak bateratuak direla kontuan hartuta.

Alaitz Aizpurua Usurbilgo zinegotziak uste du, hizkuntza irizpide hauek Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak defenditzen dituzten printzipioekin bat datozela.

"Urteetako borroka izan da. Orain guk defenditutakoa arlo instituzionalean hasia zabaltzen dela ikus dezakegu, ez bakarrik gure mankomunitateko udaletan. Azken batean, gure printzipioak zabaltzeko aukera paregabea da.

Horrekin lotuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere horrelako proiektu bat babesteak UEMAren aldarrikapenak indartu egiten ditu ofizialtasunera begira", adierazi du Aizpuruak.

36 udal eta hiru erakunde

Honako herri eta erakunde hauek aplikatuko dituzte irizpide bateratuak:

  • Deba
  • Eibar
  • Elgoibar
  • Mutriku
  • Soraluze
  • Aretxabaleta
  • Arrasate
  • Bergara
  • Eskoriatza
  • Oñati
  • Astigarraga
  • Hernani
  • Usurbil
  • Anoeta
  • Ibarra
  • Irura
  • Tolosa
  • Zizurkil
  • Lazkao
  • Ordizia
  • Errenteria
  • Lezo
  • Pasaia
  • Oiartzun
  • Getaria
  • Orio
  • Zarautz
  • Zumaia
  • Legazpi
  • Urretxu
  • Aizarnazabal
  • Azkoitia
  • Azpeitia
  • Beizama
  • Errezil
  • Zestoa
  • UEMA
  • Urola-Kosta Mankomunitatea
  • Gipuzkoako Foru Aldundia

*Gipuzkoaberri.com webgunetik hartutako informazioa.