Bildu eta Aralar batzar taldeek Espainiako gobernuaren ordezkaria den Carlos Urquijo pertsona non grata izendatzeko ebazpen proposamen aurkeztu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Azken garaietan Urquijo instituzioetako erabakien aurkako dinamikan sartu da era berezian, dagozkion funtzioak gaindituz eta komisario politiko baten papera hartuz, eta kolonizazioaren garaietako Peruko erregeordea bezala funtzionatuz.

Izendapena proposatzeko arrazoien artean hauek azpimarratu nahi ditugu:

  • Abenduan Estatuko fiskaliaren aurrean gabonetako ordainsaria ordaintzeko batzar Nagusietako erabakiaren aurka aurkeztutako helegitea
  • Bere komunikazioetan euskararekiko adierazitako mespretxua, erdara hutsean bidaltzeagatik Euskararen Normalkuntzarako Legeak esaten duenari kasu egin gabe.
  • Donostiako udaletxean, gehiengo batek Jose Luis Alvarez enparantzari Hiritar Merezimenduaren Domina emateko hartutako erabakiaren kontra fiskalian ezarritako helegitea.
  • Gasteizko legebiltzarreko presidentea den Bakartxo Tejeriari, gutun baten bidez, senatari izateko EH Bilduk aurkeztutako proposamena baztertzeko eskatzeagatik, nahiz eta onartu pertsona horrek bere eskubide guztien jabe zen eta den.

Aipaturiko ekintza eta erabaki hauekin Carlos Urquijok herritarren ordezkaritza politikoarekiko mespretxua adierazten du, gizartearen borondatearen gainean kokatu nahian.

Hori da, hain zuzen, bere karguaren xedea eta helburua: euskal herritarrok una grande y libre horren gatibu izatea. Baina azken hilabeteotan Urquijo jaunak marka guztiak hautsi ditu: gure lurralde historikoaren parlamentuaren aurka jo du langillen eskubideak baztertuak izan daitezen; Donostiako udalaren aurka jo du euskararen militante eta ikerlari nekaezina omendu nahi izateagatik, eta abar luze bat.

PPk botoekin lortzen ez duena Carlos Urquijorekin konpartitzen dituen inposizio eta obsesioen bidez lortu nahi du, eta azken hau, berez soberan dagoen ardura batez baliatuz, demokraziarako arrisku bat bilakatu da.