Donostiako Udal Gobernuak funtsezkotzat jotzen du 2016rako hondakinen birziklapen maila gutxienez % 60ra iristea lortzea, eta hori bermatzeko, Udaleko gainerako alderdi politikoei proposamen bat aurkeztuko die, akordioa lortu nahian. Hala jakinarazi dute gaur Nora Galparsorok, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi ordezkariak, eta Axier Jakak, Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak.

Galparsorok nabarmendu duenez, birziklapen maila handitzeak hainbat onura ekarriko dizkio hiriari, ez bakarrik ingurumen aldetik, baita ekonomikoki ere. Eta hori frogatzeko datu zehatz bat eman du: gaur egun, Donostian, %33 birziklatuta, 8 milioi € ordaintzen dira hondakinak zabortegira bidaltzeagatik; %60 birziklatuz gero, aldiz, %40 aurreztuko litzateke gastua; hau da, 3 milioi € gutxiago ordaindu beharko lirateke.

Horrek eskatzen du errefusean oinarritutako bilketa sistema bat ezarri beharrean, hondakin birziklagarrietan oinarritutako bilketa egitera pasatzea, eta horri lotuta dago Udal Gobernuak mahai gainean jarriko duen proposamena. Proposamen "irekia eta malgua" dela nabarmendu du Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzi ordezkari Nora Galparsorok.

2016rako %60ko birziklapen mailara iristeko beharra Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralean jasota dago (2008an onartua), eta Europar Batasuneko 2008/98/EE zuzentarauan ere horren pareko helburua ezarri da (1995a erreferentzia urte gisa hartuta, 2016an zabortegira isurtzen diren hondakin tonak ordukoak baino %65 gutxiago izatea). Ildo horretan, Donostiak, Gipuzkoako hiriburua izanik eta 2016an Europako Kultur Hiriburu, "eredugarria izan behar du", Axier Jaka Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak adierazi duenez. Galparsorok zehaztu du gaur egungo udal ordenantzak ez duela helburu hori lortzea bermatzen, eta beste alderdiekin adosten den akordioak ordenantza aldaketa ekarriko duela.

"Hondakinen kudeaketak berebiziko garrantzia du, herritar guzti-guztioi eragiten digulako eta gure zabortegien gainezka egiteari konponbide egokia eman behar zaiolako", esan du Galparsorok, "hiri garbia nahi dugu, ingurumen jasangarria, eta hori lortzea denon ardura da; denon inplikazioa eskatzen du".

Honela laburbildu ditu Udal Gobernuak aurkeztuko duen proposamenaren ezaugarri nagusiak: % 60ko gutxieneko birziklapen maila bermatuko duen edozein sistema aztertzeko eta martxan jartzeko prest dago; ez dago zertan hiri osoan sistema bera ezarri, hau da, auzo eta herrietara egokitutako hainbat modalitate jar daitezke martxan; modalitate horiek dinamikoak izango dira, hau da, helburuak betetzen ari diren aztertuko eta, hala ez bada, neurri zuzentzaileak hartu eta beste bilketa modalitate bat jarriko da martxan. Horrez gain, betearazpen faseak ere adostuak izango dira, betiere, 2016rako gutxienez % 60 birziklatzera iritsi beharra kontuan hartuta, eta, hasieran, arreta nagusia jarduera ekonomikoetan jarriko da.

"Hiri hondakinak kudeatzeko politika berri bat adostu behar dugu, eta Udal Gobernuko bi departamentuk, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzu Departamentuak eta Ingurumen Departamentuak, elkarlanean sustatuko dute politika hori", azpimarratu du Axier Jakak.