"Arratsaldeko 15:00etan Bildu Udal Taldeak eta PaP Ez plataformak izandako bileraren ondoren ondorengoa adierazi nahi dute:

  • PaP Ez plataformak gezurtatu egiten du, komunikabide batzuek gaur jaso duten bezala, mehatxatuak izan direnik. Beraiek, jarduera amaitzen dutela adieraziz gutun bat igorri dute komunikabide ezberdinetara eta beste eragile batzuek erabilera interesatua egin dute gutun horretaz, beraien ahotan esan ez dituzten gauzak jarriaz. Komunikabidei eskatu nahi die soilik gutunean jartzen duenera mugatzera.
  • Bildu Udal Taldeak adierazi nahi du goizean burututako prentsaurrekoa eta bertan esandakoak egunkarietan argitaratutakoaren inguruan izan direla ez baitzuten plataformaren gutunaren berri.
  • Bi aldeek adierazi nahi dute gaur burututako bilera, egin dituzten bilera guztiak bezala, errespetuzkoa eta bi aldeen arteko begirunean oinarritutakoa izan dela."

Hau da atzo Oñatiko Udala eta PaP Ez plataformak elkarrekin plazaratu zuten prentsa oharra, Oñatin gertatu denaren egia, protagonistek kontatua. Debagoieneko EHBilduk Oñatiko Udala eta PaP ez plataformaren jarrera eta heldutasuna txalotu nahi ditu. Debagoiena osoan jarrera bera du eta izango du aurrerantzean ere EHBilduk: herritarrekin lasaitasunez hitz egin eta hondakinen arazoa arrazionaltasunez konpontzea, birziklapenaren aldeko apustu garbia eginez.

Era berean, bikaina iruditzen zaigu ehunka eta ehunka Oñatiar azken egunetan burutzen ari den parte hartze prozesuan izaten ari diren jarrera eredugarria. Bergarako Udalak hurrengo asteetan Bergaran ere parte hartze prozesu bat jarriko du martxan, herritarrei entzun eta birziklatzeko sistema onena elkarrekin aukeratzeko.

Datu hauek guztiak eskutan izanda ere EAJk gezur eta manipulazio kanpainarekin jarraitzea salatu nahi dugu. Oñati Garbiaren hitzak ez dituzte kontuan hartzen eta gainera Bergara Garbia plataformakoek ere mehatxu oso larriak jasan dituztela adierazi dute gaur prentsan eta telebistan. Bergarako Alkatea egoerarekin kezkatuta eguerdian Bergara Garbia Plataformakoekin harremanetan izan da eta berauen bozeramaileak konfirmatu dio "ez dugula inolako mehatxurik jasan". Bergarako Alkatea eta EHBILDU asko pozten dira albistearekin.

EAJk egon ez diren mehatxu batzuk erabili ditu Debagoieneko giroa muturreraino tentsionatzeko, herritarren arteko liskarrak sortzeko... Helburua garbia da, adituen txostenak kontuan hartu eta sistema onena aukeratu beharrean bazterrak nahastu eta giroa gaiztotzea. Berriz ere hamaikagarren aldiz EAJri dei egiten diogu bazterrak ez nahasteko, manipulazioa eta gezurrak alde batera uzteko. Era berean, berriz ere EAJri esaten diogu adostasunetarako prest gaudela, birziklapenaren aldeko beraien jarrera benetakoa bada, akordioetara iristea posible da.

Gure aldetik beti esan dugun bezala herritarrei lasaitasunerako eta informatzeko deia egiten diegu, probokazioetan ez erortzeko eta liskarrik txikiena ere ez sortzeko. Arazoak hitz eginez konpontzen dira, Oñatin bezala Bergaran, Bergaran bezala Debagoienan eta munduan.