Atzoko egunean zehar, hondakinen gaia nahastu nahi duten zenbait komunikabide eta alderdi politikoen arteko interakzioa gezur batean oinarritua egon zen polemika faltsu eta artifiziala eraikiaz.

Oñatiko Atez Atearen Aurkako Plataformaren ohar bat, non euren disoluzioa iragartzen zuten, Oñatiko Udalaren aurka eta Bilduren aurka maltzurki erabilia izan zen. Gaia harrotu duten komunikabideek eta alderdi Politikoek ez diote jaramonik egin disolbatu den Plataformak berak udalarekin igorritako oharrari, non ustezko mehatxuak gezurtatu egiten diren. PNV, PSE eta PPk bere horretan darraite gezurrean oinarriturik hondakinen gaia eta sakoneko eztabaida nahastu eta zapuzteko.

Egiak ez dezala titular on bat izurratu!!!

Esaera ezagun bat da eta oraingoan erabilia eta areagotua izan dena alderdi politiko zein komunikabide batzuengatik, zeintzuk errauskailuaren eraikuntza babesten duten eta proiektu horretan inplikatuak dauden enpresen interesak.

Oñatin parte-hartze prozesu bat abian jarri da. Aste batean 400 lagunetik gora inplikatu dira prozesu honetan, iritzi anitzekoak gainera. Udalak berak Atez Atekoaren aurkakoekin hartuemanak mantentzen ditu eta eztabaida edo ideien elkartrukatzetik haratago doazen ekintzen aurka azaldu da. Guzti honekin ikusten da polemika antzu honen helburua prozesua oztopatu eta torpedeatzearena dela.

Bildu Gipuzkoako Batzarkide Taldetik, denoi eragiten digun hiri hondakinen kudeaketa egokia bilatzeko garaian, eremu guztietan arduraz jokatzeko deia egiten dugu. Eztabaida despolitizatu behar dugu eta era arrazionalean heltzeko, parametro tektonikoetara eramatea ezinbestekoa da.

Irtenbidea, termino eraikitzaile eta positiboetan planteatu behar dugu, pedagogiaz, jendartearen parte hartzea bilatuz, bai eztabaidan, bai irtenbidean. Etorkizunari begira kokatuta, hondakinen murrizpena, berrerabilpena eta birziklapena bermatzen dituzten neurriak bilatzea da helburua.

Beste behin ere, eragile politiko eta sozialei termino hauetan jokatzeko deia egiten diegu, eta jendarteari informazioa ezkutatzeko, gaia lokazteko eta zarata ateratzeko bideratzen diren estrategiak bertan behera uzteko.

Bildu Batzar Nagusietako taldea.