Atzo arratsaldean sare sozialetan eta gaur goizean hainbat komunikabideetan Oñatiko PaP Ez plataformak igorritako mezuaren inguruan Udal Taldeak ondorengoa adierazi nahi du:

1. Atzo ilunkaran sare sozialetan zabaltzen ari zen informazioaren berri izan bezain pronto plataformako kide batekin harremanetan jarri ginen. Sare sozialean ondorengo mezua zabaltzen ari zela aipatu genion: La Plataforma ciudadana contraria al PaP en Oñati renuncia a su lucha por las amenazas recibidas. Demasié pal body... Honen aurrean esan zigun beraiek ez zutela horrelako mezurik igorri eta ez zuela ulertzen nondik atera zuten mehatxuen gaia. Bai aitortu ziguten talde bezala disolbatzera erabaki eta hori iragarriz komunikatu bat bidali zutela komunikabide jakin batzuetara baina komunikatu horretan ez dela momentu batean ere mehatxuen gaia aipatzen. Bai ordea momentu batzuetan irainduak sentitu izan direla, batez ere interneteko foro batzuetan eta kalean bizilagunen batek errauskagailuaren alde dauden galdetu diotenetan. Gabonetan herriko 2 puntutan (Batzokia eta plataformako kide baten denda ondoan) agertutako pintadak ere iraingarri suertatu zaizkiela adierazi ziguten. Pintaketa horietan Errauskailurik ez leloa jartzen zuen.

2. Bildu Udal Taldeak adierazi nahi du hasiera hasieratik harreman ona mantendu izan duela plataformarekin eta eskatu duten guztietan bildu garela beraiekin. Esan, Batzokian eta plataformako kide baten etxean Errauskailurik Ez! burututako pintaketaren berri izan bezain pronto borratzeko agindua eman genuela. Gaurko prentsako berria irakurri ahala ere 15:00etarako hitzordua jarri diegu plataformako kideei.

3. Bildu Udal Taldetik pentsatzen dugu plataformak igorritako mezu honek 2 helburu jakin bilatu nahi izan dituela:

a. Herrian atez atekoaren ezarpenerako martxan den prozesu parte-hartzailea oztopatu. Pasa den astean atez atekoari aukera bat emateko eskatuz egin zen agerraldi jendetsuaren aurrean eta aste honetan zehar burutzen ari den prozesu parte-hartzailearen arrakastaren aurrean (burututako 6 bileretan 464 pertsonek parte hartu dute) eragin nahi izan dute, berau oztopatuz. Esan behar dugu plataformako kide batzuk ere prozesuan parte hartzen ari direla eta beraien ikuspuntua askatasun eta naturaltasun osozbileretan azaltzen ari direla.

b. Biktima papera hartu. Ez goaz juzgatzera irain, mehatxu edo errepresaliak izan diren edo ez plataformako kideak nozitzen ari direna. Berri eman diguten gertaera bakarrak lehen aipatutako Errauskailurik Ez! 2 pintaketak (berehala borratuak izan zirenak) eta interneteko foroetan azaldutako iritziak. Aipatutako foroetan anonimotasunean ezkutatuz alde guztientzako denetarik esan da eta ez dugu hor esan direnak ez konpartitzen eta ez babesten.

4. Esan diguten bezala, hedabideetan azaldutako berriak zuzenak ez badira errektifikazio publiko bat eskatzen diegu plataformako kideei.

5. Bildu udal Taldetik dei bat luzatzen diogu herritar orori oraindik geratzen diren parte hartze prozesuetan parte hartzera (10 bilera geratzen dira lehen fasea amaitzeko) eta utz dezagun behingoz hondakinen gaiaren erabilera politikoa egiteari, irainei eta bazterrak nahasteari.

OÑATIKO UDAL TALDEA