Prentsaurreko honetan, azkeneko asteetan EH Bilduren baitan eman dugun hiri hondakinen kudeaketari buruzko hausnarketa politikoaren ondorioak aurkezteko helburua dugu.

Egun erakunde guztiek onartu dute hondakinek suposatzen duen arazoari ekologikoa, osasungarria eta ekonomikoki onargarria den konponbidea aurkitu behar zaiola.

Zaborra inongo bereizketarik gabe botatzearen garaiak betirako iragana dira, zorionez, guztiontzako, are gutxiago pairatzen ari garen krisi sistemiko honetan. 2011ko maiatzeko hauteskundeetatik atera ziren udal eta foru gobernuak osatu ondoren, EH Bildurentzat hondakinen arazoari irtenbide integrala ematea lehentasunezkoa izan da.

Zoritxarrez, hondakinen gaia erabat teknikoa izanda, herrialdean politizatu egin da, eta Gipuzkoako zenbait tokietan oraindik ez dugu hondakinen kudeaketak behar duen eztabaida lasaia eta sosegatua ematerik lortu. Gai honetan, Catalunyan iritsi diren egoerara iristea normalena izango litzateke, eta horixe da gure proposamena: alderdi politiko guztiek hiri hondakinen gaia eztabaida politikotik ateratzeko konpromisoa hartzea. Izan ere, hondakinek ez dute kolore politikorik.

Batzuk eta besteen posizioak argi eta garbi agertzen ari den une hauetan, hausnarketa sakona egiteko unea iritsi zaigu alderdi guztiei. Politikaren funtsa da arazoak konpontzea, eta hondakinen gaiari dagokionez, denon arazoa dena denon artean konpondu behar dugu. EH Bilduren aldetik, gure konpromiso irmoa adierazi nahi dugu konponbide horren alde. Eta herriz herri eta auzoz auzo, konponbide horren alde iniziatiba berriak hartzeko prest gaude.

Herritarrei proiektu bakoitza seriotasunez eta manipulaziorik gabe azaltzeko gai izan behar gara: errauskailuaren aldeko apustua egiten dutenek esan beharko dute planta egiteko dirua nondik atera nahi duten, nondik kendu errauskailua egiteko, baita errauskailuek osasunean eta ingurumenean duten eraginaren berri eman; era berean, atez atekoari buruzko eztabaida zintzilikario edo beste arlo anekdotikoak alde batera utzita egitea lortu behar dugu.

Hona hemen gure gogoetaren emaitzak:

1. Lehenik eta behin, EH Bilduk Zero Zabor filosofiarekin erabat ados dagoela berretsi nahi du. Hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea, EH Bilduren ekimen instituzional, politiko eta sozialetan oinarrizkoa da eta izango da: hori izango da gure hausnarketa eta lanaren oinarri eta abiapuntu. Hilabete hauetan Zero Zabor norabidean Gipuzkoa osoan aurrera pausu nabarmenak eman ditugu, eta hemendik aurrera ere EH Bilduk norabide berdinean konpromisoak hartzen jarraituko du, instituzioetan edota kalean, gobernuan edota oposizioan, Zero zabor filosofiak duen babesa zabaltzeko lan egiten dugun bitartean.

2. Zentzu horretan, azkenaldian Gipuzkoako talde politiko desberdinak adierazten ari diren moduan, hondakinen kudeaketan ere Gipuzkoak akordioak behar ditu.

EH Bilduk birziklapenaren aldeko adostasun sozialak eta politikoak lortzeko prest dagoela adierazi nahi du. Bada garaia hiri hondakinen kudeaketa lehia alderdikoietatik ateratzeko. Denok adierazi dugu gehiago birziklatzearen alde gaudela eta alde teknikoari begiratuta alderdikeriak utzita, adostasunak lortzea posible dela ziur gaude.

3. Errausketari dagokionez gauza bera esan dezakegu. Gizarteak ez du errausketa plantarik nahi ingurumenari zein pertsonen osasunari begira aukera txarra delako.

Gainera gauden egoera ekonomikoan, erabat pentsaezina da Diputazioak 500 milioi euro jarriko dituela errauskailua eraikitzeko. Diru hori hainbat zerbitzu mantentzeko behar dugu, enpleguak sortzeko, zerbitzu sozialak indartzeko, gipuzkoarron bizitza kalitatea mantentzeko, labur esanda.

Guztiok ados bagaude gakoa gehiago birziklatzean dagoela, balizko errausketa planta batek ez du zentzurik eta ez litzateke errentagarria izateko behar duen zaborra izango eta beste herrialdetatik inportatu beharko lukeelako. Eta osasun publikoaren aldetik begiratua ezin da errauste plantarik eraiki horrelako plantek minbizia sortzen dutelako, orain dela egun batzuk Carlos III.eko Institutuko ikerketa batek beste behin demostratu duen moduan. Bestetik ez dugu ahaztu behar Europar Parlamentuak 2020 urtea baino lehenagorako hondakinak erraustea eta zabortegietan pilatzea debekatu nahi du. Horrek esan nahi du 500 milioi kostatzen duen errauskailuak 5-6 urtetako bizitza baino ez lukeela izango.

4.Birziklapena sistemari dagokionez, lehendabizi esan behar da gehiago birziklatzea munduan zehar eskuineko eta ezkerreko gobernuek hartu duten norabidea dela. Gipuzkoan gaur egun arte izan dugun birziklatze ereduak goia jo du, eta %30-%35eko topean ataskatuta dago. Birziklapen tasak igotzeko bide desberdinak daude eta horien artean atezatekoa da, askogatik, zenbaki onenak lortzen dituena, baino ez da sistema bakarra.

5. Edozein kasutan argi dagoena da birziklapen sistemaren inguruko azken erabakia herriek eta herritarrek hartzen dutela ziurtatzeko bermeak jarri behar ditugula. Herri bakoitzak erabaki beharko du ze erritmoetan, eta ze modutan egin. Herri batzuek bere bidea bilatu zuten moduan, Gipuzkoako gainontzeko herriek ere bere bidea bilatuko dute. Baina helburua berdina da: Sailkapen tasa %80ra hurbiltzea, birziklapen tasak ere ildo berean gora egin dezan