Ostiralean Oñatiko Udaletxeko kideek prentsaurrekoa eskaini zuten 350 herritarrek lagundurik. Era honetara, 783 oñatiarrek parte hartu duten komunikazio-informazio fasea amaitutzat eman zuten; hala nola, hondakinen problematika, udalaren hautua, emaitzak eta zergaitiak landu dituztena. Eta hemendik aurrera, 6 aste iraungo duen parte hartze fasea hasiko da. Jendez gainezka izan zen aretoan, oñatiarrei udalak proposatzen duen atez ateko bilketa sistemari aukera bat emateko eskatu zitzaien.

Jarraian, prentsaurrekoan emaniko mezua da irakurgai:

Zalantzarik ez dago hondakinen kudeaketa mundu mailako arazo bihurtu dela, gizarteko ohitura aldaketak eta bultzatu den gizarte ereduak hondakinak etengabe sortzea eraman gaituelako eta eredu lineala oinarri, ama lurrari kendutakoak zabortegi edo/eta errauskailuan amaitzen dutelako. Euskal Herria eta Oñati ez dira salbuespen bat eta mundu mailako arazo hau gurea ere bada. Arazoaren parte garen heinean konponbidearen parte izan behar garela pentsatzen dugu.

Gaur egun indarrean dagoen hondakinen kudeaketa eredua lineala da eta beraz ez da batere jasangarria. Hemen bildutakook uste dugu eredu linealetik eredu zirkularrera egin behar dugula jauzi.

Eredu lineala da gaur egun sustatzen dena. Esan nahi duena honakoa da: erosi, kontsumitu eta botatzea; hau da, lerro zuzena, sistema lineala. Eta horrek arazoak sortzen ditu bi puntutan: batetik baliabideak mugatuak dira eta kontsumismoaren bidez ditugun lehengai horiek guztiak xahutzen ari gara, noizbait nahitaez muga batera iritsi beharko delarik etengabeko jardun hau. Sistema linealak dakarren bigarren arazoa da zabortegiak gainezka egiten ari zaizkigula eta beraien alternatiba gisa errauskailuak planteatzen direla, hau da, hondakinen "desagerraraztea",

Eredu linealak kultura oso bat dakar atzetik. Hau da, erre behar baditugu ez ditugu zertan separatu, ez ditugu zertan konpostatu, ez dugu zertan prebenitu. Gure ustez, ezin dugu hondakina zabor gisa gehiago ulertzen jarraitu. Paradigma edo eredu aldaketa bat bultzatu behar dugu.

Eredu zirkularra da beste paradigma; zero zabor politikarekin bat datorrena: Hondakin gutxiago sortu, birziklatu, eta berrerabili. Horrek esan nahiko lukeena da baliabideak kontsumitu ondoren, bertatik geratzen diren hondakinak berriro ere zirkuituan sartuko genituzkeela behin eta berriz, ahalik eta bizi luzeena emanaz lehengai horiei. Horrek sistema linealak dakartzan bi arazoak eragozteko aukera emango luke: baliabideen xahuketarena batetik eta zabortegien betetzearena edo hondakinen erretzearena bestetik, beronek dakartzan ingurumen eta osasun eraginekin. Bai Ingurumena eta bai Osasuna herritar guztion ardura diren aldetik, hiri hondakinen kudeaketari dagokionenan, eredurik eraginkor eta jasangarrienaren aldeko hautua egin beharko genukeela uste dugu.

Norabide honetan, esan beharrik ez dago kudeaketari dagokionean, bilketa eraginkor bat martxan jartzeak berebiziko garrantzia duela. Horregatik, oñatiarrei eskatu nahi diegu aukera bat eman diezaiotela udalak planteatzen duen atez atekako bilketa sistemari, gaur gaurkoz birziklatze emaitzarik onenak erakutsi dituen sistema baita, %80ko birziklatze tasetaraino helduz.

Amaitzeko, herritarrak animatu nahi ditugu datorren astelehenetik aurrera auzoz auzo udalak antolatu dituen prozesuetan parte hartzea. Atez atekoa sistema bat izanik, era ezberdinetara egin daiteke operatibo eta guztientzako erosoa, estetikoa eta erabilerraza izan dadin denon parte hartzea beharrezkoa delako.