Bergarako EHBLDUk gogor salatu nahi du hondakinen gaiarekin EAJ eta Bergara Garbia egiten ari diren joko zikina. Atez atekoaren kontra egon eta mobilizatzeko eskubide guztia dute; ez, ordea, gezurra eta manipulazioa erabiltzeko. Hamaika astakeria esan dituzte beraien oposizioa erakusteko: alkateak, jarrera frankistak erabili eta ezindu fisikoak behartu behar direla defendatzen duela diote; atez atekoa zikina dela; arratoiak erakartzen dituela; Errauskailuak Donostiako Su Artifizialek baino gutxiago kutsatzen duela; ... Gezurra, gezurra eta gezurra. Ze arratoi eta zein zikinkeria agertu da Antzuolan, Hernanin, Usurbilen edo Oiartzunen? Batere ez. Antzuolak gaur bere hiri hondakinen %90 baino gehiago biltzen du berezita, eta hondakinen bilketa-trataera kostuak merkeagoak dira. Antzuolan atez atekoa martxan dago, emaitza bikainak ematen ditu eta ez dago polemikarik.

Zergatik polemika hau guztia?

EAJk Hiri hondakinen gaia politizatu eta manipulatu du. Zergatik? Gipuzkoan aldaketa politiko eta soziala oztopatzeko, EAJ eta Gipuzkoako elite ekonomikoen pribilejioak mantentzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundian Bildu gobernatzen ari denetik, Gipuzkoa aldatzen ari da: aberatsek lehen ordaintzen ez zituzten zergak ordaintzen dituzte; makro proiektu batzuk gelditu ditu ( Jaizkibelgo Super Portua eta Zubietako Errauskailua adibidez) eta horren ondorioz, politika sozialak lehenetsi ditu (etxez etxeko laguntza, menpekotasun legearen murrizketak ez aplikatzea, diru sarrerarik ez dutenentzako oinarrizko errenta, Aldundiko langile publikoen 14.paga); Kutxabanken pribatizazioa salatu du eta etxe kaleratzeak gelditzeko proposamen konkretuak egin ditu. Ezin da ahaztu EAJk agintzen duen Kutxabank dela Gipuzkoan etxegabetze gehien egiten ari den bankua.

EAJk eta Gipuzkoako elite ekonomikoak negozioa egitearren edozer gauza egiteko gai dira: Errauskailua eraikitzen gutxi batzuek negozioa egingo dute, inguruko herritarren osasuna jokoan jarriz. Herritarren bizitza kalitatea eta osasunaren gainetik, gutxi batzuen interes ekonomikoak ari da defendatzen EAJ.

Hitz batean, Bilduren gobernuak justizia sozialaren alde egindako politikak Gipuzkoako elite ekonomikoa kalte egiten dio. Banketxeei, eraikuntza enpresa handiei eta Gipuzkoan beraien morroi den EAJri. Horregatik hasi dute zaborren gerra, zerbaitekin desgastatu nahi dutelako aldaketaren motorra. Eta horregatik dute komunikabide hegemonikoen babesa (Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa, TELE5, ETB. etab.)

Europa eta munduari begira

Europar Batasunaren legediak argi eta garbi markatzen du bidea: "hondakinak gaika bildu eta birziklatu behar dira, birziklatu daitekeena ezin da erraustu". Bide hori egiten ari dira Europar Batasuneko herrialdeak ( Alemania, Belgika, Austria, Italia, Danimarca,..) eta hasi ez direnak lehenbailehen egin beharko dute. Ezkerreko eta eskuineko gobernuak ari dira norabide honetan.

Estatu Espainiarrean ere baditugu adibideak. Catalunyan PPk, PSCk, CIUk eta ERCk atez ateko bilketa sistema egokia dela onartzen badute, zergatik izango da txarra Gipuzkoan? Arrazoi politiko hutsak dira.
Zentzu honetan bergararrei, informatzeko eta EAJren manipulazio merkeetan ez erortzeko dei egiten diegu.

Zein da alternatiba?

EHBilduk Europako legedia jarraitu eta hondakinak gaika biltzeko sistema egokiena herritarrekin batera aukeratuko du. Udalak atez ateko sistema proposatu du ikerketa guztiek erakusten dutelako birziklapen maila altuena lortzeko sistemarik egokiena dela; gainera, ekonomikoki erabat bideragarria da eta munduan turista gehien jasotzen duten hainbat lekutan erabiltzen dute: Erroman, Mallorcan, Menorcan eta Catalunyako kostaldean adibidez. Baina EHBildu prest dago herritarrei entzun, beraiekin hitz egin eta birziklapen maila egokia ematen duen gaikako sistema adosteko.

Zeintzuk dira EHBIlduren konpromisoak?

  • Konponbidea.Hondakinekin egun dugun arazori irtenbide bat ematea; jakinda, horretarako bilketa sistema berri bat behar dela.
  • Birziklapena. Birziklapen maila altua lortzea gure konpromisoa da. Europatik argi eta garbi dator agindua: hondakinak gaika bildu eta birziklatu egin behar dira; 2020tik aurrera ezin da erre birziklatu daitekeena. Zer zentzu dauka orain errauskailu berri bat egiteak?
  • Errauskailurik ez. Ikerketa guztiek diote Errauskailuen inguruan bizi diren herritarrek kantzerrak izateko arriskua asko igotzen dela, eta guk herritarren osasuna ez dugu arriskuan jarriko. Errauskailurik ez egiteko birziklatu egin behar da.
  • Borondatezko 5. edukiontzia jartzea ez dugu alternatiba gisa ikusten. Martxan dagoen herrietan, ez da %35 baino gehiago birziklatzea lortu. Beharrezkoa den gutxieneko birziklapen maila beraz ez da lortzen.
  • Parte hartzea eta herritarren erabakia. Hau guztia bideratzeko, herritarroi entzun eta zuekin batera, adierazitako minimoak beteko dituen hondakinak biltzeko sistema egokiena zein den erabakiko dugu. Horretarako parte hartze prozesu zabala jarriko du martxan udalak hurrengo asteotan.
  • Ingurumena zaintzea guztion bete beharra da eta EHBilduk konpromiso osoa du ingurumenarekin.

2012ko urtarrilean Bergarako EHBildu