Jakina denez, gaur Stop Kaleratzeak elkarteak bankuei, erakunde publikoei eta alderdi politikoei etxe kaleratzeen aurkako konpromiso zehatzak eskatzeko manifestazioa deitu du (12:30etan hasiko da, Bulebarrean). EH Bilduk, prentsa ohar honen bitartez, bertan egongo dela adierazi nahi du, eta Gipuzkoako jendarteari parte hartzeko deia egiten dio.

Arazo honen aurrean ezin gara eskuak gurutzatuta geratu. Konponbideak exijitu eta proposatu behar ditugu. Baina, aldi berean, soluzio horiek gauzatzeko borondate politikoa ere exijitu behar dugu. Eta hori egin behar dugu eta egin nahi dugu bestelako jendarte eredu batean sinesten dutenekin eta horren alde lan egiten dutenekin elkarlanean.

Koalizio honetatik dei egiten diegu Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei etxe desjabetzeen inguruko eztabaida publiko bat egitera. Arazo larri eta krudel baten aurrean gaude, milaka euskal herritarri eragiten diena, eta herritarrek konponbideak exijitzen ari zaizkigu. Madrildik erakutsi digute arazo honi aurre egiteko ez dutela ez gaitasunik eta ez borondate errealik. Guri dagokigu, euskal jendarteari bere zentzurik zabalenean, arazo honi adarretatik heltzea eta konponbide eraginkorrak mahai gainean jartzea eta adostea.

EH Bilduk bere eskuetan dagoen guztia egingo du eztabaida publiko hori bideratzeko eta soluzioak mahai gainean jartzeko, hau da, etxegabetxeak behin betiko eteteko politika eraginkor bat zehazteko. Etxegabetzeen arazoaren larritasunak eta ondorio dramatikoek hori exijitzen dutelako.