Martin Garitano diputatu nagusiak gaur egin duen agerraldian egin duen adierazpena:

"Gipuzkoak 2013an aurrekontu on eta aurrerakoiak izango ditu datorren astean eta horrek poztu egiten du Gobernua eta nola ez, Diputatu Nagusi hau.

Atzo Gobernuak, PSE-EE, Bildu eta Aralarrekin lortutako akordioak ahalbidetuko du datorren astean, Foru Gobernu honek aurkeztutako aurrekontuak, txertatutako zuzenketekin aberastua, aurrera ateratzea, eta beraz, egun pozgarria izan zen atzokoa.

PSE-EErekin lortutako akordioaren bidez, hasiera hasieratik, jarritako helburua bete dugu. Foru Gobernu honek, aurrekontu egokiak lortzeko lan handia egin ondoren, horiek aberasteko elkarlanerako deia egin zuen aurreproiektua Batzar Nagusietan aurkeztu bezain laster. PSE-EErekin lortutako akordioarekin helburu hori bete dugu.

PSE-EErekin egindako akordioaren muina lurralde garapena eta enplegua dira eta akordioa posible izan da planteamenduak Foru Gobernuak egiten dituenarekin bat datozelako eta bi aldeek gogotsu aritu garelako zuzenketak adosteko garaian. Aldundiari dagokion tamainan Gipuzkoako ekonomia eta ehun produktiboari laguntzeko bide emango dute.

EAJ akordioa baldintzatzen saiatu da, baina ez du lortu. Gobernuak argi du hondakinen inguruko akordioa lortzea ona dela, desiragarria, eta hain zuzen horregatik erabaki zuen gaia aurrekontuen eztabaidatik ateratzea, eztabaida horrek ez baitu aurrekontuekin zerikusirik. EAJ kontrako norabidean aritu da, baina ez du lortu.

Azpimarratu beharreko beste elementu bat da Gipuzkoa dela 2.013ko aurrekontuak onartzen lehen erakundea. Arabako Foru Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektua atzera bota dute Batzar Nagusiek eta gainerako erakundeetan oraindik ez dute prozesua bideratu. Honek guztiak erakusten du Gipuzkoako Foru Aldundiaren gaitasuna eta hainbat elementu mahai gainean jarri beharra dago.

Egoera ekonomikoa oso zaila izan arren, eta diru sarrerak murriztu diren arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakin izan du 2,013ko aurrekontuak garaiz eta, batez ere, ganoraz prestatzen. Ez da erraza garai latz hauetan aurrekontu egokiak egitea, baina Aldundiak lortu du, behar beharrezko ez dena alde batera utzita eta benetan funtsezkoa dena indartuz: gizarte politika bultzatuz eta Madrildik inposatu nahi diren murrizketei aurre eginez.

Aldundiak hasieratik erakutsi du elkarlanerako asmoa eta frogatu du elkarlanean aritzeko gaitasuna eta akordioak lortzeko gaitasuna.

Horren bidez lortu dugu ezkerreko aurrekontuak aurrera ateratzea eta ederki frogatu dugu Gipuzkoak ataka zail honetan aurrera egiteko bideen alde egin duela.

Azpimarratu nahi dut Gobernuak lanean jarraituko duela, indarberriturik ekingo diola datorren urteari eta, orain arte bezala, Gipuzkoak dituen erronkei aurre egitea elkarlanean egin nahi duela, berdin hondakinen kudeaketan, berdin fiskalitatean edo errepideen finantziazioan."