Kutxako Batzar berria osatu eta, iruzurraren bidez, Erakundeko kargu berriak hautatu zirenetik, EH Bilduren kontseilari taldean kezka areagotzen joan da Kutxako Gobernu Organo guztiak geratuta daudela ikusi baitugu. Xabier Iturbek, nahiz eta estatutuak betez behin eta berriz hala eskatu diogun eta bilera batean Iturbek berak horretarako konpromisoa hartu, ez du organo horietako bat bera ere deitu pasa den azaroaren 21etik.

Xabier Iturbe bera erantzule duen eten horren ondorioz, gaur bertan Kutxan aurkeztutako idazkiaren bidez, Kutxako Ez Ohiko Batzar Orokorra datorren urtarrilaren 9an deitzeko exijentzia egiten diogu, bere garaian aurkeztu genuen gai-ordenarekin: etxegabetzeak bertan behera uztea, pribatizazioari aurre egitea eta Kutxabankeko ordezkariak proportzionalki eta demokratikoki hautatzea.

Gaur Xabier Iturberi zuzendu diogun idazkia ez da eztabaidagarri eta ez dugu onartuko Kutxa, eta haren Gobernu Organoak ez ezik, gipuzkoarrontzat hain garrantzitsuak diren gaiei dagokienez, zentzurik gabeko geldialdi honetan murgilaraztea. Epeak betetzeko nahikoa denbora badu eta Kutxarenak ez diren beste interes batzuen zerbitzura dauden politika autistak alboratu behar ditu bere erantzukizuna betetzeko. Erantzukizun horien artean du, besteak beste, datorren urtarrilaren 9ko Ez Ohiko Batzar Orokorra deitzea.

Komunikabide bidez jakin izanak, Xabier Iturbek ez duela gurekin hartutako konpromisoa betetzeko asmorik, bere zereginak bete ditzala idatziz eta dagokion erregistroarekin eskatzera bultzatu gaitu. Argi dago eskakizun hori ez betetzera, neurri berriak hartu beharko ditugula.

EHBilduko Kontseilariak KUTXAn
12ko abenduaren 19an