Espainiako gobernuaren inposizioei buruz Gipuzkoako Foru Aldundiaren irakurketa egin du Martin Garitano diputatu nagusiak eta haien aurreko erabakien berri eman du gaur goizean egin duen adierazpenean:

"Euskal Herriak ez du bere oraina eta etorkizuna erabakitzeko ahalmenik, eta egoera hori areagotzen ari da. Gainera, egoera horrek gero eta ondorio larriagoak ditu Euskal Herrian eta nabarmen kaltetzen ditu euskal herritarrak. Euskal Herriari ukatu egin nahi diote arlo politikoan, sozialean, administratiboan, kulturalean eta abarretan erabakitzea eta horrek min eta kalte handia eragiten dio herri honi. Herri honi oinarrizkoenean ere ukatzen diote erabakitzeko eskubidea, ez herritarrei ez erakundeei ez diete burujabe izaten utzi nahi.

Krisia eragin ez zutenak ari dira krisia ordaintzen, herritar xumeei ordainarazi nahi diete krisia, gutxi batzuen mesedetan, eta jarrera horren beste adierazpide bat besterik ez dira inposizioa eta murrizketak.

Inposizio posizionamendu horretan Espainiako Gobernua hartzen ari den neurriek gutxi batzuen interesei erantzuten diete, botere ekonomikoaren interesei. Espainia kapitalaren menpe ari da, erabat, haren mesedetara eta zerbitzura. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikuspegitik, Espainiako Gobernua hartzen ari den neurriak ez dira ez zentzuzkoak, ez eraginkorrak, ez baitiete erantzuten Aldundiak xedetzat dituen herritarren interesei. Beraz, Aldundiak eskura dituen tresna guztiekin erantzungo dio bide horri.

Inposatu nahi diguten egoeraren aurkako jarrera irmoa du Aldundiak, eta hori behin eta berriro erakutsi du azken urte eta erdian hartutako hainbat eta hainbat erabakiren bidez: Kutxaren pribatizazioaren aurka egin du, Kutxak sorreran zuen funtzio soziala defendatzea ezinbestekoa delako; Madrilek Menpekotasun Legearen aldaketaren bidez kaltetu nahi izan dituen gipuzkoarrak babestu ditu, beste erakundeek ez bezala murrizketari aurre eginez; Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza ahalbidetu du, egoera okerrenean daudenei erantzuteko.... Gaurkoan bide horretan beste urrats bat ematera doa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, hasiera hasieratik, argi izan du foru administrazioa osatzen duten 1.900 langileekin hartutako konpromisoak betetzeko borondatea, haiek ere bete baitituzte haien egitekoak. Izan ere, Aldundiak eskura dituen neurri guztiak hartuko ditu herritarren defentsan, eta Aldundiaren ustez, eskubide sozialak errespetatu behar dira, eta horien arten daude langile guztien eskubideak bermatzea eta errespetatzea, eta bistan denez, baita langile publikoenak ere. Herri honen eta herri honetako instituzioen eskubideen eta eskumenen defentsan jardungo dugu.

Orain arte aipatutako horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak bertako langileei ordainsari osagarria ordainduko die, erosteko ahalmenean izandako galerari aurre egiteko. Osagarri hori hilabete bateko ordainsariaren pareko izango da. Ordainketari dagokionez, agindua emana dago eta langile gehientsuenek atzo eta gaur artean jasoko dute ordainsari osagarria."