Gipuzkoako Diputazioak Herritarren partaidetza sustatzeari garrantzi berezia eman dio aurtengoan, eta horren adibide da jarraian irakurri ahal izango duzuen Andoaingo kasua. Diputazioak diru-laguntza lerroa argitaratu zuen pasa den ekainean, eta deialdi horri jarraituz antolatu du Andoaingo Udalak egitasmo hau: Parte-hartze hariak lotuz! Andoain activo barrio a barrio.

Herrien gestioa herritarren ahotsarekin egin behar delako eta beraz Udalek herritarrekin batera herria eraikitzea helburu izanik, Andoaingo Udalean eredu parte-hartzaileari ekingo diote auzoz auzo egingo diren batzarren bidez.

Jarraian, Andoaingo parte-hartze egitasmo honen prentsa agerraldian azaldutakoa duzue:

2011ko ekainean ekin zion gure udal taldeak gobernatzeko eginbeharrari, baita ideia garbi batekin ekin ere: instituzioen inguruan dugun irudi estatiko eta hermetikoarekin hautsi, eta udal batek benetan beharko lukeenaren inguruan hausnartzen hastea. Alegia, eredu parte-hartzailearen filosofiari, apurka apurka, tokia egiten joatea Udalean.

Udala da herritarron ordezkaritzaren argazkia erakusten duen organoa. Baina baieztapen hau egi bilakatu behar dugu, erreal bilakatu behar dugu. Udal gobernuaren iritziz, hauteskundeetan ez da bakarrik udalean eserleku bat lortzen; hauteskundeekin gobernatzeko konfidantza bat eskuratzen da, baita betebehar bat ere: herritar guztiekin, herritar guztientzat izango den Herria gestionatu eta eraikitzearen betebeharra.

Horretarako lanabesak behar dira, noski. Parte-hartzearen kulturan hezi egin behar gara, eta mekanismo ezberdinak martxan jarri hori posible izan dadin. Horretara datoz, hain zuzen, Udalak auzoz auzo deitu dituen batzar hauek. Beharrezkoa da Udalaren eta herritarren artean parte-hartze eta komunikazio hariak lotzea; zertarako? Herri gisa ditugun beharrei denen artean erantzuteko. Lehentasunak guztien artean markatu eta horiei aurre egitea izango dugu egitasmo honetako erronka.

Gipuzkoako Diputazioak Herritarren partaidetza sustatzeko diru-laguntza lerroa argitaratu zuen pasa den ekainean, eta deialdi horri jarraiki antolatu du Udalak egitasmo hau. Parte-hartze hariak lotuz! Andoain activo barrio a barrio izango du goiburu eta irudiari dagokionez, irudi sinpatiko eta erakargarri bat nahi izan da; horregatik, bi iogur pote hari batez lotuta izango da irudia, gazte garaietan eskolan egin ohi genituen eskulanak gogoratuz.

Udal ordezkarien eta herritarren artean harreman zuzena eta komunikazio zuzena izateko mekanismoak martxan jartzea da egitasmo honen hurbileko helburua:
-Herritarrek dituzten beharrak jasotzeko eta konpartitzeko (auzokoak).
-Herritarrek dituzten proposamenak jasotzeko eta konpartitzeko (udal egitasmo estrategikoen inguruan).
-Beharrak eta proposamenak lehentasunaren arabera sailkatzeko.
-Udala, herritarrekin konpromisoa hartzea, datozen 3 urteetan egingo dituen egitasmoen inguruan.

Luzera, garapen komunitarioaren kultura lantzea ere izango dugu helburu:
-Udala eta herritarren artean komunikazio eta parte-hartze kultura indartuz.
-Parte hartze kultura iraunkorra sustatzea, epe luzeko ibilbidea izango duena. Betiere garapen komunitarioaren ikuspegitik, eta botere harreman berrien ikuspegitik.
-Talde lanerako espazioak sortuz, pertsona bakoitzaren interesen ikuspegi zehatzetik, eta ikuspegi desberdinak mahai gaineratuz, talde/komunitate ikuspegia lantzea.
-Kultura politikoaren eraldaketa sustatzea, orain arteko demokrazia kontzeptua zabaltzea, eta herritarren parte hartzea instituzioetan bultzatzea, horrek dakarren demokraziaren kontzeptuaren zabaltze ariketarekin: demokrazia zuzena, demokrazia parte hartzailea eta ordezkatzailea uztartuz, modu honetan ere erantzukizunak partekatzeko ahaleginean sakonduz.

Hau guztia hiru fasetan antolatuko diren bilera errondetan gauzatuko da. Horretarako auzoak sei xede taldeetan banatu dira, honela: Goiko gunea, La Salle etorbidea eta Plazaola; Karrika eta Etxeberrieta; Zumea, erdigunea, eta Olagain auzoa; Sorabilla eta Bordaberri; Bazkardo, KaleTxiki, Arantzibia eta Alejandro Kalonge eta Landa auzoa: Goiburu, Buruntza eta Leizotz.

Lehen fasearen helburua xede talde guztiak informatzea eta ekarpenak jasotzea izango da eta bigarren fasearen helburua, jasotako ekarpenak lehentasunen eta urjentzien arabera sailkatzea izango da. 

Bi bilera erronda hauen ondoren jasotako ekarpenen bilduma egin eta Udalak hartuko dituen konpromisoak zehazteko garaia izango da. Guzti hau azaltzeko BATZAR orokor bat egingo da herritar guztiekin.

Bileren jarraipena www.andoain.org webgunean egin ahal izango da.