Gipuzkoako Foru Aldundiak 50.000 euroko diru laguntza bideratuko ditu errefuxiatu palestinarrentzat, Paz con Dignidad elkarteak egindako eskaerari baiezkoa eman ostean. Gizarte Politikako departamentuak aditzera eman duenez, diru horrekin Gazako mugan bizi diren errefuxiatu palestinarrentzako osasun zerbitzuak hobetuko dituzte, Jabaliya izeneko kanpalekuan, hain justu ere. Bertan dagoen Al Awda ospitaleko otorrinolaringologiako unitatea handitu eta hobetuko du Diputazioak, langile espezializatua kontratatuz, eta materiala zein medikamenduak erosiz.

Gazako mugan 1.167.572 errefuxiatu palestinar bizi dira, horietatik 110.000 Jabaliyako kanpalekuan, zonaldeko handiena. Nazioarteko Garapenerako Lankidetza Zuzendaritzak aditzera eman duenez, proiektu honetako onuradun nagusiak haurrak izango dira, 2.430 neska-mutiko eta nerabe, hain justu. Honetaz gain, Diputazioak eta Paz con Dignidad elkarteak elkarrekin gauzatutako proiektu honetaz 900 heldu inguru ere baliatuko dira. Otorrinolaringologia unitate berri honek, lehen ez bezala, ebakuntzak egiteko gaitasuna izango du.

Mugen itxieren ondorioz argindar, ura eta gasolioaren mozketak ohikoak dira Jabaliyan, eta lehen mailako osasun harrerari zuzenean eragiten diote. Honetaz gain, medikamenduen stockak amaitzear egoten dira uneoro, eta mediku ekipamenduek sarritan ordezko piezak behar izaten dituzte. Testuinguru honetan, zonaldeko osasun harreraren estandarrek behera egin dute, "eta bitartean israeldar ejertzitoak Gaza kanpoko tratamenduetara jotzea saihesten die herritar palestinarrei", salatu du Nazioarteko Garapenerako Lankidetza Zuzendari Arantzazu Santosek.

Gainera, asteotan militar israeldarrek Gazan burututako eraso militarrak gogor kritikatu ditu zuzendariak, eta baita "azken urteetan herri palestinarrak pairatzen duen blokeo militarra ere". Era berean, Estatu Palestinarra sortzeko nazioarteak bidezko irtenbidea bilatu eta guda honi amaiera ematea eskatzen duela gogorarazi du Santosek. Israelgo ejertzitoaren maniobrak Nazio Batuen Erakundeekiko "txantxatzat" jo ditu, eta baita Israel estatu terroristatzat jo ere, "nazioarteko zuzenbidearen mugatik at jokatzen baitu". Egoera honen aurrean, Santosek herri palestinarraren independentzia aldarrikatu du, eta Israeli boikot egiteko martxan dauden nazioarteko kanpainetan parte hartzeko deia gipuzkoar gizarteari luzatu.

Gauzak horrela, Gaza iparraldeko osasun egoeraren inguruko diagnostiko hau aztertu eta gero, Gizarte Politikako departamentuko Nazioarteko Garapenerako Lankidetza Zuzendaritzak Duintasunez Paz con Dignidad elkarteak aurkeztutako proiektuari 50.000 euroko diru laguntza bideratzea erabaki du.

* www.gipuzkoaberria.net-etik hartutako albistea.