Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarron autobus zerbitzuak murriztu asmo ditu. Nabarmen, gainera. Murrizketek Tolosa, Villabona, N-I, Burun¬tzal¬dea eta Donostiako autobus loturei eragingo diete eta, kasu batzuetan, zerbitzuen erdia baino gehiago desagertu egingo dira. Horregatik, azaroaren 8an Batzar Nagusietan egingo den Osoko Bilkuran, murrizketa horien aurkako ekimen bateratua aurkeztuko dute EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk.

Patricia Gete (Podemos-Ahal Dugu) eta Jon Albizu (EH Bildu) batzarkideek elkarrekin aurkeztu dute gaur ebazpen proposamena, eta gogoratu dute Diputazioaren erabakiak ezinegona eta aurkakotasuna sortu dituela hainbat herri eta sektoretan. Izan ere, garraio publikoan aurreikusitako murrizketen kontrako mozioak onartu dituzte jada Andoain eta Lasarte-Oriako udalbatzek. Bietan, gainera, EAJren aldeko botoarekin. Horretaz gain, azken hilabetean Diputazioak 3.000tik gora herritar alegazio jaso ditu proiektu horren kontra, LAB, ELA eta UGT sindikatuenak tartean, eta Hernani, Andoain eta Usurbilgo alkateak Marisol Garmendia diputatuarekin bildu izan dira bere haserrea adierazteko.

Gete eta Albizuk azaldu dutenez, Aldundiak aurreproiektua behin betiko onartuko balu, egungo garraio-zerbitzuak murrizketa nabarmena jasango luke. Gaur egun, zerbitzu ezberdinetan 3,5 milioi kilometro ematen badira, aurreproiektu hau behin betiko egitasmo bihurtzen bada 2,7 milioi kilometro burutzera pasako dira. Horrek suposatzen du, bataz beste, %23ko murrizketa orokorra. Baina, lineaz linea aztertuz gero, kasu batzuetan jaitsiera askoz larriagoa da:

• Hernani-Donostia G-1 linea. Lanegunetan, 61 bidaietatik 38 bidaietara jaitsiko da (-38%). Larunbatetan, 62tik, 21etara (- %66). Igandetan, 45tik 19ra (-58%).
• Andoain–Urnieta-Hernani-Hospitales G-3 linea.

Lanegunetan, 25 bidaietatik 14 bidaietara ( -44%) pasako dira. Larunbatetan, 25etatik 8tara (-68%).
Bi adibide besterik ez dira, baina murrizketek zazpi lineatan izango dute eragina. Gainera, Foru Gobernuak ez ditu ez informatu ezta aintzakotzat hartu ez kaltetutako udalak ez herritarrak.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk Foru Aldundiari eskatu diote aurreproiektu hori bertan behera uzteko eta inplikatuta dauden udalerrietarako ordezkariekin, sindikatuekin eta erabiltzaileekin mahai baten inguruan esertzea konponbide adostu bat bilatzeko.