EAJ-PSEren Foru Gobernuak gaur aurkeztu duen 2018ko Aurrekontu Proiektua oso kaltegarria da Gipuzkoarako, bereziki Herrialdeak 104 milioi euro gehiago eman beharko dizkiolako Espainiako Gobernuari, EAJk eta PPk Kupoaren inguruan hartutako akordioaren ondorioz. Aldundiak aurten jaso dituen 4.868 milioi eurotik, 351 milioiko ekarpena egin beharko dio Estatuari, iaz baino % 42,2 gehiago. Igoera hori oso kezkagarria da eta oso kaltegarria herritarron interesetarako, milioi horiek politika sozialetan edota Gipuzkoaren ekonomia sustapenean inbertitu beharrean, Madrilek eramango dituelako Urkullu eta Rajoyren arteko akordioari esker.

EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok azaldu duenez, sakonki aztertu behar da gaur Foru Gobernuak aurkeztu duen Aurrekontu Proiektua, baina lehenengo irakurketa orokorra eginez, oso deigarriak diren adierazleak daude. Lehenik eta behin, EAJ eta PPren arteko Kupoaren akordioak Gipuzkoako herritarrengan izango dituen ondorio kaltegarriez ohartarazi du. Izan ere, 2017ko datuekin alderatuta, aurrekontu propioa %2 igo da, Udalen Fondoa % 4, Eusko Jaurlaritzari egiten zaion ekarpena %6 eta, aldiz, Estatuari ematen zaion Kupoa %42,2ko igoera desproportzionatua izan du.

“Kupoaren akordioak Estatu espainolarekiko menpekotasun harremana ontzat ematen du. Eta gainera, kostea gero eta handiagoa da herritarrentzat. EAJk erabaki beharko du zer nahi duen: Edo akordioak egin hemengo herritarren kontra aritzen diren eta 155. Artikulua babesten duten alderdiekin – PP eta PSE - edo erabakitze eskubidearen aldeko aurrekontu sozialak eta demokratikoak adostu EH Bildurekin. Estatuari Kupoa %42 igoz nekez bultza daiteke erabakitze eskubidea”, azpimarratu du Xabier Olanok.

Kupoaren zifra larriaz gain, EH Bilduko bozeramaileak adierazi du diru-bilketaren inguruko datuak ere kezkagarriak direla. Izan ere, Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga (% 36) eta Balio Erantziaren Gaineko Zerga (% 41) dira diru-bilketaren zutabe nagusiak. Aldiz, Sozietateen Zergak % 6,24 besterik ez du jasotzen, eta Aberastasuna eta Fortuna Handien Gaineko Zergak % 1,48, iaz baino 7 milioi gutxiago. Horrek esan nahi du zama langileen bizkar areagotzen dela, aberatsenen ekarpena arinduz.

EAJk eta PSEk behin eta berriro erakutsi dute Gizarte Politika ez dela bere lehentasuna eta, oraingo honetan, berretsi egin dute. Ez da egia Gizarte Politikako Departamentuak inoiz baino pisu handiagoa duela aurrekontuetan, diputatu nagusiak esan duen bezala. Kudeaketarako aurrekontuaren % 47,48 bideratuko zaio aurten, hau da, 2012an (% 47,56), 2013an (% 48,10), 2014ean (% 48,76%) eta 2015ean (% 48,02) baino gutxiago. Datuek erakusten dute ongizate sistema indarra eta pisu erlatiboa galtzen ari dela Gipuzkoan EAJ-PSEren politikei esker. Horrekin batera, azpimarratzekoa da ekonomia sustapenera bideratzen diren inbertsioak izoztuta daudela, % 0,19 besterik ez baitira igotzen.

Beraz, EH Bilduren ustez, EAJ-PSEk 2018rako aurkeztutako Aurrekontu Proiektuak ez die herritarren beharrei erantzuten. Bide horretatik, Estatuari ordaintzen diogun Kupoa nabarmen igoz, nekez aurreratu dezakegu erabakitzen eskubidearen garapenean.