Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan Diputazioak aurkeztutako Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga foru arau proiektuari sei emendakin aurkeztu dizkio. Bi multzotan banatu daitezke aurkeztutako emendakinak:

Obligazio errealarengatik suposatu berri bat, proiektuaren 3. artikulua aldatuz. Obligazio berri honen ezaugarriak:

- Lurralde espainiarreko egoiliarrek Gipuzkoan dituzten ondasunengatik ordaintzea (bizi diren lekuan AFHZ berdina edo antzekoa ez badago).
- AFHZ zerga egonda, ordainduko dutena Gipuzkoan ordaindu behar zutenarekin alderatuz heren batera iristen ez bada orduan, bakarrik Gipuzkoan dituzten ondasunengatik ordaindu beharko dute AFHZ.

Obligazio berri honek justizia fiskal orokorrari erantzuten dio: Gipuzkoarrok ditugun geure ondasunengatik ordaindu behar badugu eta kanpotarrek Gipuzkoan dituzten ondasunengatik ordaindu behar badute estatuan bizi diren herritarrek Gipuzkoan duten ondasunengatik ordaindu behar dute ere.

Helburuen artean arrazoi fiskalengatik helbide aldaketak ekiditea legoke. Hemengo ondasunengatik berdin-berdin ordaindu behar badute, ez da pizgarri handirik egongo helbidea aldatzeko. Horrekin batera beste lekuetan antzeko zerga ezartzeko eta zerga sistema aurrerakorragoa eta solidarioa ezartzeko pizgarria izango dela deritzogu. Azken finean, neurri horrekin ez dute helbide aldaketarik lortuko, hitz batean, ez dute etekinik aterako

Bigarren multzoan Nekazaritza-Lurren Funtsari jarritako emendakina legoke. Alde batetik salbuetsita dauden ondasun eta eskubideen artean suposatu berri bat sartzen dugu: nekazaritza-Lurren Funtsetara lagatzen diren nekazaritza lurrak edo ustiategiak salbuetsiak egotea 100.000 euro arte. Salbuespen honek nekazaritza lurren erabilera modu egoki eta jarraian bultzatzea du helburu.

Gaur egun dugun zerga sistema sasi koloniala zirrikitu gutxi uzten ditu herri gisa behar dugun fiskalitatea garatzeko. Horregatik bultzatzen dugu proposamena. Era berean, elkartasunaren ikuspuntutik, uste dugu estatuko beste lurraldeetan antzeko zerga ezartzeko egin dezakegun ekarpenik egokiena, hain zuzen ere, obligazio berri hori ezartzea dela.