EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioaren bilera deitu dezala, udalen ekarpenak jaso ahal izateko 2018ko aurrekontuei begira. Diputazioak hilabete honetan aurrekontuaren aurreproiektua Batzar Nagusietan erregistratu behar duen arren, herriek ez dute oraindik diru-laguntzei buruzko asmoen berririk ere izan. EH Bilduk bere kezka adierazi du, are gehiago kontutan izanda udalek jasotzen dituzten diru-laguntzek %60tik gorako murrizketa jaso dutela azken bi urteetan.

Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioak garatu beharreko jardueren artean, 2017ko urtarrilaren 17ko Foru Dekretuan zehazten denez, honako hau dugu: “Herritarren partaidetzaren alorrean Foru Aldundiak onartu nahi dituen eta zehazki udaletarako eta gainerako toki entitateetarako diren diru laguntzen oinarrizko ildoak ezagutzea eta horien berri ematea”. Hau horrela izanik, eta Aldundiak 2018ko aurrekontuak aurkeztear dagoen arren, Espazioan parte hartzen duten udalek, oraindik, ez dute aurrekontuaren berririk izan, ezta zehazki udaletarako eta gainerako toki entitateetarako diren diru laguntzen partidei buruzko asmoen berririk ere. Urteko Foru Araurik garrantzitsuena den aurrekontuen proiektuan, beraz, Aldundiak ez du udalen parte hartzea ahalbideratu, horretarako sortutako markoa ofizialki egon arren.

Gabezia horri gehitu behar diogu Aldundiak ez duela “2018. urteko aurrekontu irekiak” proiektua Erakunde arteko Espaziora eraman; beraz, udalek partaidetza sustatzeko eratutako erakunde honek ezin izan du dinamika parte-hartzaile honetan inongo proposamenik egin.

Hori dela eta, EH Bilduk Espazio orokorra presaz deitzeko eskaera egin dio Foru Aldundiari. Orereta eta Zeraingo udaletako ordezkariek, Espazio exekutiboko kide gisa, eskaera hori erregistratu dute gaur ofizialki Gipuzkoako Diputazioan.