Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko batzarrean atzo hartutako erabakiarekin, Gipuzkoako Foru Gobernuak (EAJ-PSE) bide oso larria hartu du, gehiengo demokratikoetan oinarritzen diren erabakiak errespetatu ez dituelako eta konfrontazioaren bidean sakontzen ari delako. Egoera horren aurrean, EH Bilduk EAJri gogoratu dio Gipuzkoan ez ditugula zatiketa eta fronte gehiago behar, baizik eta akordioak eta elkarrizketa. Era berean, EH Bilduk babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die aurreko legealdian erraustegia gelditzea erabaki zuten agintariei.

Horrela adierazi dute Donostian izandako agerraldian EH Bilduko Mahai Politikoko kide den Ainhoa Beolak; eusko legebiltzarkide Rebeka Uberak eta Gipuzkoako bozeramaile Xabier Olanok.

Ainhoa Beolak defendatu du Iñaki Errazkinek eta Ainhoa Intxaurrandietak “kudeaketa zuzena eta gardena” egin zutela aurreko legealdian, “herri mandatua betez, gipuzkoarren osasunaren eta interes publikoaren defentsan. Legitimitate demokratiko osoarekin eta legea %100 betez. Horregatik, EH Bilduren babes osoa dute, egindako lana ondo egin zutelako, arduraz, gardentasunez, legitimitate osoarekin eta legearen barruan”.

Azpimarratu du Zubietako azpiegituraren eraikuntza bertan behera uzteko erabakia diru publikoaren xahutzea ekiditeko egin zela. Proiektua aurrera ez eramatearen erabakiarekin, beraz, Gipuzkoak dirua aurreztu zuen. Horregatik, ez du inongo logikarik GHKk kalte ordainak eskatu nahi izatea aurreko agintariei. “Argi eta garbi esan behar dugu jarritako auziak ez duela ez hanka ez bururik. Salaketak ez du oinarririk. Mendeku politikoa eta interes elektorala bilatzen ari dira”.

Rebeka Uberaren hitzetan, “bere momentuan esan genuen hiri hondakinen kudeaketan desberdintasunak bagenituela, baita adostasunak ere. Eta gure prestutasun osoa agertu genuen puntu komunak bilatzeko saiakera egiteko. Baina adostasunak bilatzeko espazioak sortzea baino, nahiago izan dute inposizioaren eta konfrontazioaren bidean sakondu. Oraingoan, gainera, urrats bat haratago eraman dute gaia EAJk eta PSE-EEk: maila pertsonalera”.
Legebiltzarkideak azpimarratu duenez, “EAJk eta PSE-EEk ulertu beharko lukete alderdi bakoitzak, gehiengoak ematen dion zilegitasunarekin herritarrei hauteskunde kanpainan agindutakoa betetzen ahalegintzea. Baina ez da inondik inora zilegi, ez da ulertzen legearen aterkipean herritarrei agindutakoa betetzeagatik hautetsi publikoei kalte ordain pertsonalak eskatzea”.

Zentzu horretan, gogoratu die “erakunde publikoak herritarren eskubideak eta interesak defendatzeko daudela. Agintariak gehiengoak eta gutxiengoak errespetatu eta defendatzeko daude eta ez euren karguak bestelako helburuetarako erabiltzeko”. Horregatik, EAJri esan dio: “Gipuzkoan ez ditugu zatiketa eta fronte gehiago behar. Guztiok arduraz jokatzeko garaiak dira, elkarrizketa oinarri hartuta, adostasunak bilatuz eta desberdintasunak maila politikoan normaltasunez eztabaidatuz”.