Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaur izandako batzordean, EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok zerga erreforma fiskal serioa abiatzea eta Ekarpen Legea gaurkotzea eskatu dio diputatu nagusiari. EAJk bi neurri horiek aspaldi agindu zituen arren, huts egin du bietan, eta ez du bete ez bata eta ez bestea. Xabier Olanok ohartarazi duenez, EAJ-PSEren Foru Gobernuak bi konpromiso horiek betetzen ez dituen bitartean, langileen gaineko presio fiskalak gora jarraitzen du eta Gipuzkoak 100 milioi euro inguru galtzen ditu urtero.

Batzar Nagusietan izandako batzordean, EH Bilduko bozeramaileak Finantzen Euskal Kontseiluaren azken datuen irakurketa zehatza egin du, eta diru-bilketaren azterketan, zergaz-zergako analisia egitearen garrantzia azpimarratu du. Horren arabera, argi ikusten da gaur egungo ereduarekin zerga zama handiena langileen bizkar geratzen dela. Izan ere, Gipuzkoako herritarrek PFEZ bitartez egiten duten ekarpena diru-sarreren %37 suposatzen du, eta kontsumitzaileena, BEZAren bitartez, %44. Aldiz, Sozietateen Mozkinen gaineko Zerga diru-bilketaren % 6,5 besterik ez da. Gainera, Finantzen Euskal Kontseiluak egindako aurreikuspenen arabera, datorren urtean PFEZ eta BEZA %2,5 eta % 7,4 igoko dira, baina Sozietateen Zerga, %0,7 besterik ez.

Beraz, Xabier Olanoren hitzetan, horrek argi erakusten du erreforma fiskal serio bat egiten ez den bitartean, langileen bizkar jarraituko dutela kargatzen diru-bilketa; zama gero eta handiagoa izango da langileentzat eta arinagoa, enpresentzat. Baina Gipuzkoa orekatuagoa nahi badugu, etekinak lortzen dituzten enpresek ekarpen handiagoa egin behar diote gizarteari. Horregatik, zerga sistema aldatu beharra dagoela azpimarratu du, progresibitatea, justizia eta ekitatearen pritzipioetan oinarrituz erreforma.

Horretaz gain, Ekarpen Legea ere aipatu du EH Bilduko bozeramaileak. Gogoratu duenez, Markel Olanok berak agindu zuen Ekarpen Legea gaurkotzeko konpromisoa. Joan den urteko abendurako jarri zuen epemuga, baina ez du hitza bete eta egoerak berdin jarraitzen du. Horrek, kalte ekonomiko handia suposatzen du Gipuzkoarako, zeren eta, koefiziente horizontalak berdin jarraitzen duen bitartean, gure Herrialdeak 100 milioi euro inguru galtzen ditu urtero.